Zer gertatzen da idazlea emakumea denean? Bideoa ikusgai!

2022ko mai. 20a, 10:26

Ahotsak.eus proiektuan hainbat elkarrizketa egin ditugu berdintasuna eta aniztasuna lantzeko, EIMA 2.0 egitasmorako. Baita bideoak prestatu ere, jasotako testigantzekin. Horietako bat "Idazlea emakumea denean" da, zenbait idazleren eta literatur kritikari baten iritziak batzen dituen bideoa. 

Zer gertatzen da idazlea emakumea denean? Gizonezkoen eta emakumeen literatur-lanak berdin irakurtzen eta baloratzen al dira? Ahotsak.eus proiektuan genero-ikuspegia lantzeko hainbat elkarrizketa egin ditugu. Emakume idazleak nola sentitzen diren jakiteko, hainbat idazleren -Karmele Jaio, Uxue Alberdi, Kattalin Miner eta Danele Sarriugarte- eta Mari Jose Olaziregi literatura-adituaren testigantzak jaso ditugu. Emakume izateak idazleak nola baldintzatu izan dituen kontatzen dute bideo honetan:

Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak proiektuaren helburua. Bereziki adinekoak elkarrizketatzen ditugu, lehengo kontuak jasotzeko, baina beste era bateko elkarrizketak ere ari gara egiten. Gazte Gara Gazte proiekturako, adibidez, gazteak elkarrizketatzen ditugu. Ondarea oso zabala da, eta egunez egun berritzen doa.

Bideo hau ikastetxeetan, DBHko Balio Etikoak ikasgaian, erabitzeko proposamen pedagogikoak ere gertatu genituen, eta fitxa sortu genuen Ikasgelan webgunean. EIMA 2.0. proiekturako egin dugu bideoa, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babesarekin. "Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako hain justu. 

Ikasgelan webgunea ahozko ondarea zabaltzeko sortu genuen, lehen etxeko sukaldean egiten zen transmisioa ikasgelara eramateko, teknologia berriak erabilita. Dagoeneko gaikako 111 bideo jarri ditugu irakasle eta ikasleen eskura, hainbat gairekin lotutakoak, LHrako, DBHrako eta Batxilergorako. 

Bideoko gaiarekin lotuta, interesgarria da Eider Rodriguez idazleak idatzitako "Idazleen gorputzak" saiakera ere: bost emakumeri egindako elkarrizketak batzen ditu. Emakumeak bertsoen plazan bideoa ere prestatu dugu. 

Argazkian: Karmele Jaio, Eider Rodriguez, Uxue Alberdi, Miren Agur Meabe eta Laura Mintegi, ‘Idazleen gorputzak’ saiakeraren aurkezpenean, Donostian. Argazkilaria: Javi Colmenero / Diario de Noticias 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia