Idazketa-tailer bat antolatzeko aholkuak nahi dituzula? Ikusi ba bideo hau!

2022ko mar. 28a, 12:54

Ahotsak.eus proiektuan hainbat idazle elkarrizketatu genituen, literaturaren historia ezagutzeko, eta idazketa-teknikei buruz ere galdetu genien. Hona hemen idazketa-tailer baterako aholkuak batzen dituen bideoa!

Nola hasi idazten paper zuriaren aurrean? Nola aktibatu sormena? Idazketa-teknikei buruz galdetu genien hainbat idazleri, eta hona hemen euren aholkuekin prestatutako bideoa: 

Ahotsak.eus proiektuan hainbat idazle eta aditu elkarrizketatu genituen, literaturaren historia jasotzeko, eta haietako batzuek idazketa-tailer bat antolatzeko proposamenak egin zizkiguten: Uxue Alberdik, Yolanda Arrietak, Harkaitz Canok eta Bernardo Atxagak, besteak beste. Hori bai, jasotako testigantzekin euskal literaturari buruzko beste bi bideo ere prestatu genituen: 50-60 hamarkadetako literatur-lanei buruzko bideoa eta 70eko hamarkadako literaturari buruzkoa.  

Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak proiektuaren helburua. Euskararen eta euskal kulturaren historia ezagutaraztea oso garrantzitsua da, bereziki belaunaldi berriei. Bideo hau ikastetxeetan, Batxilergoko Euskara eta literatura ikasgaian, erabitzeko proposamen pedagogikoak ere gertatu genituen, eta fitxa sortu genuen Ikasgelan webgunean. EIMA 2.0. proiekturako egin dugu bideoa, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babesarekin. "Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako hain justu. 

Ikasgelan webgunea ahozko ondarea zabaltzeko sortu genuen, lehen etxeko sukaldean egiten zen transmisioa ikasgelara eramateko, teknologia berriak erabilita. Dagoeneko gaikako 111 bideo jarri ditugu irakasle eta ikasleen eskura, hainbat gairekin lotutakoak, LHrako, DBHrako eta Batxilergorako. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia