Hobe egokia zuzena baino

2010ko eka. 16a, 12:23

Ahozko komunikazioari buruzko hitzaldia eman zuen atzo Andoni Egaña bertsolariak Villabonan, Mintzola zentroan. Euskararen osasunaren diagnosia egitearekin batera, komunikatzeko trikimailuak azaldu zituen. Ahotsak-eko kideak ere han izan ginen.

Euskara ikasleak, irakasleak eta mintzalagunak zituen parez pare Andoni Egañak. Euskalduntze-alfabetatze ikastaroetakoak. Eta betiko galderei erantzuten saiatu zen. Nola doa euskara? Zer nolako euskara erabili behar da? Ba al dakigu ondo komunikatzen? Egañaren arabera, euskal hiztun kopuruak gora egin duen arren, erabileran dago hutsunea. Zenbat erabiltzen den eta batez ere nola. "Arlo batzuetan irabazi duguna beste batzuetan galdu dugu". Hezkuntza arautuan, zuzentasunari gehiegizko garrantzia eman zaiola iruditzen zaio, egokitasunaren kalterako. Ezer gutxi balio duela fisikako terminologia euskaraz jakiteak, ez baldin bagara gai euskaraz errieta egiteko, mehatxu egiteko ala barkamena eskatzeko. "Gustatzen zatzaizkit" esatea zuzena da, baina egokia al da?

Komunikazioaren gakoei buruz ere jardun zuen. Telebistako programa batean hitz egitea, irratian parte hartzea ala Berria egunkarian iritzi artikulua idaztea; hiruretako zeinek ematen du beldur handiena? Zailena egunkarikoa dela dio Egañak, "entrenamendu handiena" hortarakoxe behar dela, nahiz eta jende gehiena irratiak ala telebistak gehiago izutu. Komunikazio gaitasuna kamustuta dugula uste du, ez delako lantzen. Gizartea aldatu egin da, dagoeneko ez gara mahaiaren bueltan duela 40 urte bezala esertzen. Telebistak, eskuko telefonoak, ordenagailuak... berriketa ordezkatu dute, kontu saioen aberastasuna: "Ahozkotasunaren transmisioa zaila da" teknologia berrien aroan. Gainera, Euskal Herrian beste inon ez bezalako "eromen linguistikoa" gertatu dela iruditzen zaio: "EGAko azterketako egitura sintaktikoak konplexuagoak dira euskarazko nobela salduenetakoak baino!".

"Txip" aldaketa proposatu zuen Egañak. Egokitasunaren eta naturaltasunaren aldeko hautua egitea, alegia. Aurrean nor dugun eta zer lortu nahi dugun kontuan izatea, zuzentasunari hainbeste erreparatu gabe. Izan ere, "hizkuntzaren helburua hizkuntzatik kanpo dago". Komunikazioa da helburua. Jarioa nola diskurtso bihurtu esplikatu zuen. Hobeto komunikatzeko trikimailuak zein diren. Horretarako, baina, norberaren ahalegina beharrezkoa da: "Preokupazioa egon behar da diskurtsorako, baita bikoteari barkamena eskatzeko ere". Zein pauso eman? Aristotele filosofoak Kristo aurrean emandako aholkuak berreskuratu zituen Egañak, erretorikaren bost pausoak hain zuzen ere: zer esan, zein ordenatan esan, nola esan modu berezian edo orijinalean, ahoz esan beharrekoa memorizatu eta ondo exekutatu.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia