Hiztegi Batua. Irizpideak, prozedurak eta tresnak. Jardunaldia.

2010ko mar. 23a, 10:26

Gaur, martxoaren 23a, "Hiztegi Batua. Irizpideak, prozedurak eta tresnak" izeneko jardunaldia egingo du Euskaltzaindiak Bilboko egoitzan. Jardunaldi honen helburua Hiztegi Batuko erabakiak hartzeko, Euskaltzaindiak erabiltzen dituen irizpideak, laneko prozedurak eta tresnak erakustea da. Horrekin batera, egun horretan jendaurrean aurkeztuko dira aurrerantzean Euskaltzaindiaren webgunean kontsultagai egongo diren bi tresna lexikal berriak, hain zuzen ere, Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO) eta Lexikoaren Behatokia.

70 lagun inguru elkartu gara gau Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon, tartean Ahotsak.com  egitasmoko zenbait kide. Jardunaldiak 3 atal izango ditu:

  • HB: izaera, irizpideak, xedeak...
  • Jendaurreko aurkezpena: aurrerantzean Euskaltzaindiaren webgunean kontsultagai egongo diren bi tresna lexikal berriak, hain zuzen ere, Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO) eta Lexikoaren Behatokia.
  • Hiztegi Batua osatzeko bidean erabiltzen diren hainbat corpus eta tresna gainbegiratuko dira: OEH, XX. mendeko corpus estatistikoa, eta abar.

Jardunaldian honako hizlariak ariko dira: Jose Antonio Aduriz Hiztegi Batuko lantaldearen arduraduna eta Miriam Urkia eta Andoni Sagarna talde horren kideak. Sagarna, gainera, Euskaltzaindiaren Iker sailburua da eta Lexiko Behatokia egitasmoaren zuzendaria.

Goizeko lehenengo jardunean Hiztegi Batuaren inguruko gogoeta egin da. Hauxe da orain artekoaren laburpena (Jardunaldian zehar emandako informazioa eta aurkezpen guztiak sarean jarriko ditu Euskaltzaindiak datozen egunotan).

Hiztegi Batuaren izaera eta xedea (Andoni Sagarna)

  • Euskaltzaindiaren egitasmo nagusienetakoa da
  • Helburu nagusia bat: Euskal hitzen forma estandarra zehaztea
  • Ondo finkatutako hitzak, literatura tradizioan erabilitakoak, azken hamarkadetako erabilerak finkatzen joan direnak
  • Ez du batzen idatzirik ez dagoena, desagertutako hitzak eta teknizismoak.
  • Ez dira nahastu behar HB eta Euskararen Hiztegia.

Erabakiak hartzeko irizpideak (Jose Antonio Aduriz)
Jose Antonio Adurizek HB lantaldearen jardunaz hitz egin du, luze eta sakon. Lantaldearen irizpideak zeintzuk diren, informazio osagarria nola bideratzen den, eta abar. Labur-labur esateko, hauxe da hitz bat onartzeko orduan ematen diren urratsak:

  • Tradizio idatziok eta egungo erabilera kontuan izatea: OEH eta EEBS. Aldaera bat onartzea eta besteak baztertzea.
  • Forma hedatuenak hobestea.
  • Gutxienekoak betetzen dituzten maileguak onartzea eta bestela forma lehiakideak ematea (gutxienez, frantsesez eta gaztelaniaz berdinak izatea)
  • Segurua ez dena aipatzea
  • Hitz dialektalei markak ezarri, baina erabilera bultzatzea
  • h. (hobetsi) eta *e. (erabili) markak gehitzea (forma batzuk HBn jaso arren, forma horiek ez direla erabat onartzen eta euren beste bikotekide batzuk hobesten direla edo erabili behar direla)
  • amaitzeko, kategoria gramatikalak, aditz-erregimenak eta adierak eransten zaizkie.

Orain arte hilean behin elkartzen zen Euskaltzaindia eta hortxe hartzen ziren behin-betiko erabakiak. Orain gutxi, baina, Batzorde ahaldun bat osatu da eta erabakiak bertan hartuko dira, azkarrago eta arinago.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia