Hizkuntzak biziberritzeko gakoak eskaintzen
2010ko mai. 15a, 17:44
Nola biziberritu galbidean dauden hizkuntzak? Kitxua, aimara… milaka hizkuntza daude munduan hizkuntza indartsuagoek zapalduta, galtzeko arriskuan. Eta hiztun komunitate horientzat euskara eredu izan daitekeela uste du Garabide elkarteak. Azken 50-60 urteetan euskararen alde egin den lana ezagutzea baliagarria dela, nondik nora jo jakiteko. Horregatik, Euskararen berreskuratzea. Hizkuntzak biziberritzeko gako batzuk liburua eta ikus-entzunezkoa plazaratu ditu.
Lau hizkuntzatan: euskaraz, ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz. Lehenengo New Yorkeko Foro Indigenan aurkeztu zuten egindako lana, eta atzo Andoainen, Martin Ugalde kultur parkean. Ikusmin handia zegoen, eta aretoa bete egin zen. Hantxe egon ginen Ahotsak-eko zenbait kide ere.
Urko Kolomok eman zituen Garabide elkarteari buruzko azalpenak. Hizkuntza berreskuratzen dabiltzan herri indigenekin lankidetzan dihardu Garabidek, zubiak eraiki nahian. Besteak beste kitxuazko telebista eta herri indigenen mapa soziolinguistikoak bultzatzen ari dira. Esperientzia trukea da helburua, elkar aberastea. Euskalgintzaren ibilbidearen sintesia egin, eta herri indigenen esku jartzea beste pauso bat izan da norabide horretan: Kolomoren ustez, akuilu gisa balioko du, eta itxaropena pizteko ere bai.
Liburuan eta ikus-entzunezkoan euskararen ibilbidea laburbildu dute. Euskara galtzen-galtzen joan zen garai iluna eta biziberritzeko egin den lana: isilpeko ikastolak, euskal kantangintza berria, hiztegiak, liburuak, euskara batua, helduen alfabetatzea, euskarazko komunikabideak, Korrika, Bai Euskarari… Ama hizkuntza babesteko eta modernotzeko baliabideak, egitasmoak, gakoak. Herri ekimena. Lana Lore Agirrezabal kazetariak koordinatu du, eta lagun askok hartu dute parte: Jon Sarasua, Joseba Intxausti, Joxe Anjel Irigarai, Joxerra Gartzia, Xabier Mendiguren Bereziartua… Lehenengo ikastoletan andereño ibilitako Kontxita Beitiak euskara nola galdu zuen, eta gero nola berreskuratu, esplikatu zuen aurkezpenean. Gogorarazi zuenez, “deskuido txiki batekin” gal daitezke menpekotasun egoeran dauden hizkuntzak, eta guztion esku dago hori ez gertatzea.
Garabidek beste komunitate batzuei begira egin ditu liburuxka eta ikus-entzunezkoa, asmo pedagogikoarekin, euskararen historia ezagutarazteko. Baina etxerako ere lan interesgarria da. Atzera begiratu, arnasa hartu eta aurrera jarraitzeko. Euskararen normalizazioa helburu.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.