Hizkera ‘mordoiloa’ ikertzen

2010ko mai. 19a, 18:26

Atzo, asteartearekin, hitzaldia eman zuen Carmen Parafitak Iker gunearen egoitzan, Baionan, bere lanaren nondik norakoak azaltzeko: code-switching corpusak zer diren, horien ikerketa, eta abar. Ahotsak-eko ordezkariak ere bertan izan ziren.

Hitz egiterakoan bi hizkuntza nahastea ohikoa da. Euskaraz ari garela erdarako hitzak edo esaldiak tartekatzea. Edo alderantziz: ¡No hagas zikinkerias! Ba "code-switching" deitzen zaio horri linguistikan. Eta ikertu egiten da. Noiz, nola eta zergatik gertatzen den. Ingelesaren eta beste hizkuntza batzuen arteko elkar-eragina, adibidez, dezente aztertu dute azken urteotan.

Orain, Baionako Iker ikerketa guneko Irantzu Epelde lehen urratsak ematen ari da euskararekin. Lehenengo lana corpus egokia lortzea da, eta aste honetan Carmen Parafita adituak lagunduko dio horretarako metodologia zehazten. Atzo, asteartearekin, hitzaldia eman zuen Parafitak Iker gunearen egoitzan, bere lanaren nondik norakoak azaltzeko.

Parafita galiziarra da, eta astebeteko egonaldia egitera etorri da Galestik Baionara. Bangorreko Elebitasunaren Ikerketa Zentroan (ESRC Centre for Research on Bilingualism) dihardu lanean. Hiru corpus ari dira jorratzen: galesa-ingelesa, galesa-gaztelania eta ingelesa-gaztelania. Galesen, Argentinako Patagonian eta Floridan egin zituzten grabaketak.

Hiztunak modu naturalean hitz egin dezan lortzea da zailena, Parafitaren arabera; “switching" egoerak harrapatzea, alegia. 20-30 orduko corpusa lortzea denbora askoko ahaleginaren ondorioa da. Lehenengo, “switching"-a praktikatzen duten hiztunak topatu behar dira, pertsona denek ez baitute egiten. Datuak jasotzeko orduan, berriz, familia-lagun giroan egon behar dute, eta informazioa biltzen duen pertsona ez da han egoten; grabagailua jarri, eta joan egiten da. Ikerketa esperimentalak ere badaude: hiztunak jolasean jartzea, garunaren kinadak neurtzea... Transkripzioa ere luzea izaten da, hainbat kode erabiltzen dituztelako (minutu bat transkribatzeko 90 minutu behar ei dituzte).

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia