Hitanoari buruzko erreportajea EiTBn

2025ko ots. 20a, 11:04

Hitanoa, euskara aberasten duen hizkera informala, bizirik dago Euskal Herriko herri batzuetan, eta aste honetan EiTBko albistegian erreportajea egin dute horri buruz. Badihardugu elkarteko bi kide agertzen dira bideoan.

Herri batzuetan oraindik ohikoa da kalean hitanoa entzutea. Azkoitian eta Oñatin, esaterako, bizirik dago euskara aberasten duen hizkera informal eta lagunartekoa. Erabilera gainbeheran zihoan, hala ere, eta bizirik mantentzeko lanetan ari dira. Horixe da EiTBko albistegietan -Gaur Egunen eta Teleberrin- agertu berri den bideoaren mamia. Bertan Badihardugu euskara elkarteko bi kide agertzen dira hizketan: Aintzane Agirrebeña Azkoitian eta Idoia Etxeberria Oñatin, hitanoa -bereziki noka- biziberritzeko egiten ari diren lanen berri ematen: hitanoa ikastetxeetan lantzeko ekimena, hika ikasteko poltsikoko liburuxkak eta Appa Hi! aplikazioa. 


Azken urteotan hitanoa bultzatzeko hainbat ekimen egiten ari dira Euskal Herriko 50etik gora herritan. Badirudi euskararen erabileran duen garrantziaz konturatzen ari garela, pixkanaka. 2023ko azaroan Euskal Herriko I. Hika Topaketa egin zuten, Oñatin, eta Euskal Herriko hainbat tokitako 80 hika eragile elkartu ziren, guztiak ere hitanoa sustatzeko gogoz. Hortik ZirHika taldea sortu da, elkarlanean hitanoa bultzatzeko. Larunbat honetan egingo dute taldearen aurkezpena, Donostian. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia