"Hitanoaren egoera eskasa den arren, badago esperantzarako tarterik"

2024ko urr. 25a, 11:22

Hitanoa bezpizteko lanak izeneko hitzaldia eman zuen Idoia Etxeberriak, atzo arratsaldean Bergarako Olaso Dorrean. Badihardugu euskara elkarteko kidea da eta Oñatiko Ingo Xonau! egitasmoko koordinatzailea. Euskararen inguruko hitzaldi zikloaren parte izan zen.
Hitanoaren egoera orokorrean eskasa dela esan daiteke, Idoia Etxeberriak atzoko hitzaldian esandakoaren arabera. Hori bai, badaude esperantzarako arrazoiak ere: hikaren aldeko ekimenak ugaritu egin dira azken urteetan eta hitanoari buruzko pertzeptzioa ez da sasoi batean bezain txarra. "Inkesta erantzun zuten 4.200 pertsonak kontuan hartuta, hamarretik zazpik ez du ezer txarrik entzun hitanoaren gainean, eta hori seinale ona da". Badihardugu elkarteak 2023an egindako Hikagin inkestako emaitzak azaldu zituen Etxeberriak atzo Olaso Dorrean emandako hitzaldian. Debagoienean Antzuola eta Oñati dira hitanoa egoera onenean dagoen herriak, eta horietan ere toka nahiko ondo mantendu da, baina noka (emakumeei zuzendutakoa) galzorian dago. 

Euskal Herri mailako egoera, Debagoienekoa eta Bergarakoa izan zituen hizpide, eta baita ere han eta hemen hitanoa biziberritzeko egiten ari diren lanak: Oñatin, Debagoieneko gainerako herrietan eta Euskal Herrian. Hitanoaren alde lanean dabiltzan eragileak batu, elkar ezagutu eta indarrak batzeko asmoz iaz Euskal Herriko I. Hika Topaketa antolatu zuen Badihardugu elkarteak, UEUrekin eta Oñatiko Udalarekin elkarlanean. "80 hika eragile inguru elkartu ginen han, eta hortik ZirHika izeneko taldea sortu da aurten", Etxeberriaren esanetan. ZirHika taldearen lanetako bat II. Hika Topaketa antolatzea izango da, baina beste lan-ildo batzuk jorratzen ere ari dira. Abenduaren 7an, Durangoko azokaren bueltan, Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatuko dute; entzuleak bertan parte hartzera animatu zituen. Datorren urterako Appa hi! aplikazioaren Bergarako bertsioa prestatuko dutela ere iragarri zuen. 

Juan Martin Elexpuruk egin zituen aurkezpen lanak, aitzindarietako bat hitanoa bultzatzen: 90eko hamarkadan hasi zen hika ikastaroak ematen. Hitzaldiaren ostean, hainbat entzulek hartu zuten hitza, beraien esperientzia partekatzeko. Giro polita sortu zen. 

Olaso Dorrean euskararekin lotutako beste bi hitzaldi ere izan dira hilabete honetan: urriaren 10ean Juan Martin Elexpuruk Irulegiko eskuaren inguruan hitz egin zuen: Irulegiko eskua: segurantzak eta zalantzak. Urriaren 17an, berriz, Gorka Torre Iparraldeko egoeraz mintzatu zen, Euskararen zapalkuntzari aurre egiteko borroka Ipar Euskal Herrian hitzaldian. Etxeberriaren hitzaldiak itxi zuen zikloa, atzo.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia