"Hika poltsikuan" liburuxka eta NOKA ikastaroa Eibarren
2024ko abe. 11a, 16:50
Bihar, osteguna, NOKA ikastaroa emango du Badihardugu Elkarteak Eibarren, Andretxean, Eibarko Akebaik antolatuta. Ikastaroko parte-hartzaileei Badiharduguk prestatu eta Eibarko Udalak kaleratu duen Hika poltsikuan liburuxka banatuko zaie.
Herriko hika biziberritzeko helburuarekin, hainbat ekimen bultzatu ditu Eibarko Udalak 2023tik hona. Iaz Badihardugu Elkarteak eta Codesyntax enpresak prestatutako Appa hi! aplikazioaren Eibarko bertsioa aurkeztu zuten. Hitanoa indartzeko egitasmoei jarraipena emateko, Hika poltsikuan libuxka prestatu du aurten Badiharduguk, Akebai taldearekin eta Eibarko Udaleko Euskara eta Egoibarra batzordeekin elkarlanean. Urteari amaiera emateko eta teoriatik praktikara igarotzeko asmoz, bihar, osteguna, NOKA ikastaroa emango du Badihardugu Elkarteko Aintzane Agirrebeñak Andretxean, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara bitartean. Eibarren egunerokoa izan da hika egitea XX. amaierara arte, baina azken belaunaldietan desagertzen joan da eta gaur egun gutxi dira hika egiten dutenak herriko kale eta baserrietan. Mugikorrerako Appa hi! aplikazioaren eta poltsikoko liburuxkaren helburua hika berreskuratzen laguntzea da: hika ikasteko erreminta erabilgarriak eskaintzea, hikaren inguruko informazio orokorra eta adizki nagusiak eskura edukitzeko. Noka ikastaroaren helburua, berriz, hitanoaren -eta batez ere nokaren- erabilera indartzea da, izan ere, hitanoaren egoera ez da batere ona Eibarren, baina nokarena are okerragoa da. Hitanoak ez du fama onik izan azken hamarkadetan, besteak beste, hizkera zabartzat hartu izan delako eta baita baserritarren hizkeratzat ere. Horren ondorioz, hitanoaren barruan nokak jasan du beherakada handiena, hain zuzen ere, emakumezkoei hika egitea ez delako egokitzat jo, hizkera baldarra dela aitzakiatzat hartuta. Joera hori orokorra izan da Euskal Herri osoan. Ikusi, adibide gisa, Oñatin Ingo xonau! proiektuaren baitan nokaren galeraren inguruan egindako bideoa:
Eta Azkoitian Hike eizan! proiektuaren barruan prestatutako beste bideo hau:
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.