Gaurtik abenduaren 8ra bitartean Durangoko azokan egongo gara

2024ko abe. 5a, 13:20

Gaur zabaldu ditu ateak 59. Durangoko Azokak eta bertan izango gara aurten ere. Ahotsak.eus-Badihardugu elkartea stand-ean euskararen inguruko Euskal Herri osoko argitalpenak aurkituko dituzu. Animatu eta zatoz!

Iritsi da aurtengoan ere Durangoko Azoka. Guztira 274 erakusmahai egongo dira Landakon, 933 nobedaderekin. Horrez gain, urtez urte gehituz doazen aurkezpen eta ekitaldiek egitarau gero eta oparoagoa eskaintzen dute azokak irauten duen egunetan; 200 ekitaldi izango dira guztira, lau egunetan. Gu ere azokan izango gara, euskararen gaineko liburuekin, Goienkale kaleko 42 zenbakian.

Aurtengo gure nobedadeen artean poltsikoko hika liburuxkak daude: Arrasatekoa eta Eibarkoa. Eta baita Josu Arrizabalagaren Ondarru berbetan, itsas bizitza, elkarlanean egindako Eskoriatzako eta Gatzagako betiko ipuiñek eta Juan Martin Elexpururen Euskarazko izenak erromatar garaiko aldare eta hilarrietan liburuak ere. Gainera, Badiharduguk hitzaldia emango du azokan, abenduaren 6an: Appa hi! aplikazioaren 2024ko bertsioak eta hika.ahotsak.eus webgunea aurkeztuko ditugu, 19:20an Kabian, azokako areto nagusian. 

Iaz bezala, aurten ere hitanoa izango da gure mahaiko gaietako bat: hika ikasteko liburuxkak izango ditugu, hainbat herritakoak, Hitanoa Zumaian eta Leitzako hitanoari buruzko Toka eta hika. Noka ere toka liburuarekin batera. 

Azkoitiko Esaizu euskeraz eta Oñatiko Esaiozu euskeraz! liburuxkak ere hortxe edukiko ditugu: adinekoen zaintzaileentzako esku-liburuak, eguneroko hitzak euskaraz eta gaztelaniaz biltzen dituztenak. Iaz plazaratutako Izotz ondoko eguzki liburua, 1940-1980 urteen bitarteko Bergarako euskalgintzaren historia soziala jasotzen duen liburua, erosteko aukera ere izango da.

Badihardugu Euskara Elkarteak urte asko daramatza Durangoko azokara joaten. Aurten ere euskara eta euskalkien inguruko argitalpenak jendearen eskura jartzea da gure asmoa. Hasierako urteetan Deba Ibarreko argitalpenak bakarrik biltzen genituen gure stand-ean, baina pixkanaka eremua zabalduz joan gara eta Euskal Herri osoko lanak batzen ditugu azken urteotan: Eibarko euskararen inguruko hainbat lan, Zarautz hizketanBeasaingo euskaraElgoibarko euskara: berbak, egiturak eta irakurgaiakElorrixoko berbetiaOñatiko euskeria... 

Horrez gain, transmisioa helburu duten argitalpenak ere aurki daitezke gure stand-ean, ume eta gaztetxoentzat prestatutakoak. Adibiderako, 2017an kaleratu genuen Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas liburua.

Hauek guztiak eta gehiago Durangoko Azokan aurkitu ahal izango dituzue, Badihardugu Elkartea-Ahotsak.eus stand-ean, Goienkale kalean, gaur hasi eta abenduaren 8a bitartean. Animatu eta etorri!

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia