Euskararen transmisioa aztergai, laugarrenez
2014ko mai. 7a, 13:23
Atzo izan zen Eta Kitto euskara elkarteak antolatutako mintegia, Eibarko Portalean. Hainbat alorretako zortzi adituk hitzaldiak eman zituzten, eta hausnarketarako bide asko zabaldu ziren, besteak beste arratsaldeko mahainguruan.
Euskararen Transmisioari buruzko laugarren mintegia antolatu du aurten Eta Kitto elkarteak, eta aurreko urteetakoa bezain arrakastatsua izan da. 60 bat lagun bildu ziren atzo Eibarren, Portalean. Familiaren bidezko transmisioa izan zen jorratutako gaietako bat, baina ez bakarra: elebitasunaren abantailak, ikasle etorkinen eskolaratzea, Eibarko gazteen hizkuntza jarrerak, euskararekin lotutako proiektuekin seduzitzeko ditugun arazoak... helduleku asko izan zituen mintegiak. Eta Ahotsak egitasmoko kideak ere han izan ginen, adi-adi.
Goizean hartu zuten hitza parte hartzaile gehienek. Saioa Larrazak ikuspegi zientifikoa ekarri zuen: hizkuntzaren eta burmuinaren arteko harremana azaldu zuen, BCBLko laborategian haurrekin egin dituzten esperimentuak aintzat hartuta. Ondorio nabarmenena, hauxe: elebidun goiztiarrei neurona sareak hobeto funtzionatzen die, malgutasun handiagoa dute. Horrenbestez, jaiotzetik bi hizkuntza jasotzea abantaila da umearentzat.
Elgoibarko Atxutxiamaika aisialdi taldeko Naiara Martinek "Kiribilduz" proiektuaren berri eman zuen, gurasoak euskarara hurbiltzeko egiten dihardutena. Haurrekin arrakasta handia izan dute, eta orain gurasoak eragile bihurtzea dute helburu. Eta Kitto elkartekoek, berriz, Eibarko erabilera izan zuten hizpide. 18 eta 28 urte bitarteko 618 gazteri inkesta egin ostean ateratako ondorioak plazaratu zituzten; besteak beste, ikastetxearen garrantzia euskararen erabileran.
Ibon Manterola EHUko irakasleak etorkinen eskolaratzeaz jardun zuen, hizkuntza gutxituetan. Hainbat tokitako adibideak eta ikerketak aipatu zituen, Kataluniakoak kasu. Ikerketa horietako asko ez dira oso baikorrak: etorkinek emaitza okerreagoak lortzen dituzte gainerako ikasleek baino. Baina badira salbuespenak ere. Seguran egindako ikerketa bateko datu baikorrak eman zituen Manterolak.
Euskokultur Fundazioak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak ere transmisioa dute helburu. Horretarako, ahozko ondarea eguneratu dute. 0-5 urte bitarteko umeen gurasoei zuzendutako materiala aurkeztu zuten atzo: Xaldun Kortin. Kantuak, jolasak eta ipuinak batzen dituen liburua, DVDa eta CDa. Haurrekin garai batean bezala jolasteko gai izateko tresnak ematea da asmoa. Ehun bat lagunek hartu dute parte proiektuan, hainbat ikastetxetako haurrek eta Porrotx pailazoak kasu.
Eduardo Fraile Amurrioko irakasleak transmisioari buruzko hainbat hausnarketa egin zituen. Transmisioa ilusioz eta plazerez egiten ez bada, ez dugu komunikatzea lortuko. Voltaireren esaldi batekin hasi zuen bere saioa: "Dena esan nahi duenak aspertu egiten gaitu". Maitasuna, probokazioa eta benekotasuna aipatu zituen, hartzailearen momentua errespetatzearen garrantzia... gure jardunari buruz pentsarazteko hainbat gako.
Paula Kasares UPNAko irakaslearen esku egon zen goizeko azken hitzaldia. Hainbat ekarpen egin zituen, egungo ikerketa soziolinguistikoei begira. Orain arte erabili diren kontzeptuak, eraginguneak eta ikerketa moldeak berraztertzeko sasoia dela iruditzen zaio. "Transmisioa" eta "ama hizkuntza" kontzeptuak, adibidez, murritz geratu direla uste du. Ikerketa kuantitatiboak eta kualitatiboak uztatzeko beharra dagoela ere esan zuen. Eta eragingune moduan gizartea jarri behar dela, transmisioa ezin dela familiara eta eskolara mugatu.
Bazkari-legea giro ederrean egin ostean, arratsaldean Asier Arrieta EHUko irakaslea izan zen hizlaria. Komunikazioa eta publizitatea izan zituen hizpide: euskaldunok proiektu onak egiten ditugu, baina ez ei dakigu saltzen. Eraginkorragoak izateko aholku batzuk eman zituen Arrietak. Mahainguruan, berriz, Urtxintxa eskolako Jaime Altuna izan zen dinamizatzaile lanetan, eta egunean zehar aipatutako gaiez gainera, beste batzuk ere jarri zituen mahai gainean. Ekarpen interesgarriak egin zituzten mahaian bildutakoek.
Mintegia Internet bidez jarraitzeko aukera egon da. Iazko mintegiko hitzaldiak sarean daude, eta pentsatzekoa da aurtengoekin ere gauza bera egingo dutela, denborarekin.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.