'Euskararen kate hautsiak', Euskal Memoriaren liburua

2013ko aza. 29a, 16:41

Euskararen jazarpena da lanaren ardatza. Euskararen historia xehe-xehe aztertu du David Anautek: sorrera, bilakaera eta bidean aurkitutako oztopoak. Ahozko lekukotasunak ere baliatu ditu: Ahotsak.com webguneko hainbat testigantza agertzen da liburuan. 

Euskal Memoria Fundazioak euskararen zapalkuntzari buruzko liburu mardula plazaratu du: Euskararen kate hautsiak. David Anautek idatzi du, eta herenegun (azaroak 30) aurkeztu zuen, Aieteko jauregian, Donostian. Liburua osatzen lagundu dioten pertsona eta elkarteak gonbidatu zituen hara, eta Ahotsak-eko ordezkari bat ere bertaratu zen. 

"Memoria dokumentala eta memoria bizia", biak hartu ditu kontuan Anautek lan hau egiterakoan. Luze eta sakon aztertzen du euskararen historia eta bilakaera. "Euskararen aurkako zapalkuntza eta jazarpena da landu nahi izan dugun ardatzetako bat, liburuko ardatz nagusia; eta euskararen defentsa egin duen eta euskara bizkortu nahi izan duen mugimendua eta auzolana bestea, euskalgintza, alegia".

Zapalkuntzaren forma ugariak islatzeko, lekukotasun idatzi zen ahozkoak baliatu ditu. "Paperak eta herritarren ahotsak utzitako lekukotasunak bildu nahi izan ditugu, izen-abizendunak baitira jazarpena nozitu dutenak. Euskararen zapalkuntza ez da gauza abstraktu bat, norbaiti gertatu zaio, hiztunari eta herritarrari gertatu zaio. Ezinbestekoa da, beraz, horien ahotsa jasotzea". Ahotsak.com-eko hainbat testigantza erabili ditu liburuan, baita Labrit-Euskokultur eta EKE taldeek utzitakoak ere. Eskerrak eman zizkigun materiala eskuzabaltasunez uzteagatik, eta ahozko ondarearen garrantzia nabarmendu zuen. "Urte askoan egindako lanari esker, altxor izugarria daukagu hor".

"Bazterketa, debekua, mespretxua, zigorra, jazarpena... errepresioa. Euskarak eta euskaldunok asko sufritu dugu, luzez, gure hizkuntza indarrez desagerrarazi nahi izan dutelako", Anautek hitz horiekin eman zion hasiera aurkezpenari. Bideo batzuk ere jarri zituzten, adinekoen testigantzak, liburuari testuingurua emateko. Bideo honetako zatitxo bat, besteak beste:

Aurkezpenean, Euskal Memoriako Arantxa Erasunek eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak ere hartu zuten hitza. Fundazioaren laugarren liburua da, eta Kontseiluarekin elkarlanean tajutu dute. Informazio gehiagorako: Euskal MemoriaNaizBerria eta Irutxuloko Hitza.


Eskubiko argazkian: David Arnaut egilea, liburua osatzen lagundu diotenez inguratuta, Aieteko jauregiaren sarreran

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia