Euskara Dialektalaren Ahozko Korpusa (EDAK)

2008ko ira. 22a, 22:22

Azken egunotan aurkeztu du EUDIA ikerketa taldeak EDAK proiektua eta bere webgunea: www.edak.tk. Proiektu horren helburua da, euskara belaunaldiz belaunaldi jasaten ari den aldaketa aztertzea.

Ekaitz Santaziliaren Euskofilia blogean izan dugu proiektuaren berri.

EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal ikasketak Sailean ikerketa talde berria sortu da, EUDIA (EUskal DIAlektologia). Gotzon Aurrekoetxea da talde horren burua eta hizkuntz bariazioa aztertzea du helburu. Ikerketa-talde horri 2008an aitortu dio EHUk ikerketa-talde izaera, baina 2001. urtetik ari da hainbat proiektu garatzen.

EUDIAren helburu nagusia euskararen bariazioa ikertzea da, bere zentzu zabalenean (bariazio geolinguistikoa, bariazio soziolinguistikoa, lexikoa, morfologia...), eta lehenengo proiektua Euskara Dialektalaren Ahozko Korpusa (EDAK) izan da.

EDAK ikerketa-proiektu honek helburu nagusi bat du: Euskara dialektalaren ahozko corpusa sortzea. Hau da, oinarrizko datuak bilduko dituen corpusa, euskarari buruzko hizkuntza ikerketarentzat erreferentzia datutegia izan dadin. Galdesortzen bidez lortutako ahozko soinuak eta transkribaketak bilduko dituen euskararen corpusa, euskararen eremuan zehar oreka batez eraikitako inkesta-lekuen sarearen bidez euskalki eta hizkera garrantzitsuenak bil ditzan.

Ahozko euskara dialektalaren corpus ezak atzeratu eta zaildu egiten ditu euskarari buruzko ikerketak. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen da corpus hori sortzea.

Corpusa multibelaunaldikoa izango da. Bilduko dituen datuek bi ezaugarri izango dituzte: batetik, euskalki eta hizkera garrantzitsuenak bilduko ditu; eta bestetik, bi belaunaldietako datuak izango dira: 45-50 urte ingurukoenak eta 20-25 urte ingurukoenak.

Corpusak hartuko dituen lehen datuak euskal hizkeretako prosodiari buruzkoak izango dira. EDAK proiektuan egingo den datu-bilketan 100 herritan 201 galdera egingo dira (22 intonazioari buruzkoak eta 179 azentuari buruzkoak).

Galdesorta eraiki eta bilketa-metodologia prestatzeko ikerketa-taldeaz kanpoko eta euskal azentu eta intonazioaz Euskal Herrian adituenak diren kolaboratzaileak izan ditu: J. I. Hualde, I. Gaminde eta G. Elordieta.

Euskal Herriko Ahotsak proiektu honetatik, gure ongietorri beroena eman nahi diogu proiektu berri honi.

Informazio gehiago EDAK proiektuaren webgunean.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia