Euskara, ahozko kultur sorkuntzan - Ahoa bete hots
2012ko aza. 9a, 16:45
Ahozko kultur sorkuntzari buruzko jardunaldiak egin dituzte azken hiru egunotan, Villabonan: Ahoa bete hots jardunaldiak. Euskalkiak, batua eta errejistroa izan dituzte aztergai; antzerkian, bertsolaritzan, kantagintzan eta ipuingintzan.
Aurten hirugarren aldia izan dute Ahoa bete hots jardunaldiek, eta hainbat gai jorratu dituzte Villabonako Mintzola zentroan. Zein hizkera erabili behar da ipuinak kontatzeko, antzezteko, bertsotarako eta kantatzeko? Nola uztartu batua eta herri hizkerak? Zein arazo dituzte kontalariek, aktoreek eta bertsolariek, euren eguneroko jardunean? Zer da egokia eta zer zuzena? Euskalkiak traba ala laguntza dira? Errejistro aski al dugu?
Nork bere diziplinatik eman ditu erantzunak eta iritziak. Komunikazioa da funtsezkoena, parte hartzaile guztien ustez, eta ikus-entzuleen araberakoa izango da erabili beharreko hizkera. Hori bai, euskalkiek ez dute berdin funtzionatzen adierazpide artistiko denetan. Diziplina bakoitzak bere arauak ditu, batzuetan erabat ezberdinak.
Alor bakoitzeko adituek euren estrategiak eta teknikak jarri dituzte mahai gainean. Interesguneak eta buru-hausteak. Gainera, teoria eta praktika uztartu dituzte jardunaldietan. Asteazkenean aktoreek hartu zuten hitza: Manex Fuchsek, Ainara Gurrutxagak eta Itziar Ituñok euren esperientzia kontatu zuten, eta ondoren Ximun Fuchsek Juglarea, puta eta eroa lana antzeztu zuen. Pertsonaia bakoitza euskalki batean mintzo zen, eta aniztasunari zukua ateratzea posible dela erakutsi zuen. Bizitasuna, kolorea.
Atzo, Xabier Amurizak eta Andoni Egañak eman zituzten azalpenak, bertsogintzarekin lotuta. Mikel Markez abeslariak hitzaldi-kantaldia egin zuen, euskalkiek kantuetan izan duten presentzia erakusteko.
Eta gaur ipuin kontalarien txanda izan da: Pello Añorgak eta Joxe Mari Karrerek hartu dute hitza, eta Koldo Amestoyk Harriola Marriola ipuina kontatu du, panderoa lagun hartuta. Jardunaldi interesgarriak izan dira, gogoetarako bide asko ireki dituztenak.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.