Euskal hiztunen konplexuak eta kezkak
2012ko eka. 28a, 11:03
Ahotsak-eko Juan Martin Elexpuru eta Idoia Etxeberria kideek hitzaldia eman zuten atzo, Donostiako Miramar jauregian. EHUko udako ikastaroetan, bihar amaituko den Hiztunetik hiztunera, euskararen bizipenek ezarritako bidetik mintegiaren barruan.
Euskararen memoriak dituen ahotsak da Ahotsak-eko kideok atzo eguerdian eman genuen hitzaldiaren izenburua. Mintegiaren helburua euskal hiztunek euskararekin duten harremana aztertzea da, haien jarrerak eta sentimenduak. Guk Ahotsak egitasmoan jasotako testigantzak eraman genituen Donostiara. Adineko hiztunei eman genien hitza. Haien konplexuak eta kezkak agerian geratu ziren hala, euskalkiekin lotutako usteak, euskararen zapalkuntzak sortutako mina, euskara batuari buruzko iritziak...
Hona hemen gure hitzaldiko hiru bideo pasarte:
Euskal hiztunaren kezkak
Euskalkiak
Euskararen zapalkuntza kalean
45 bat lagunek hartu zuten parte atzoko jardunaldietan. Galdera eta ekarpen interesgarriak egin zituzten. Hiru hitzaldi izan ziren orotara. Jonah Rubin Chicagoko unibertsitateko ikerlariak eman zuen lehen hitzaldia. Memoriari buruz hitz egin zuen. Zer den memoria, eta nola funtzionatzen duen. Memoria historikoari buruzko tesia egiten dihardu, 1936ko gerrako deshobiratzeekin lotuta hain zuzen ere.
Atzoko bigarren hitzaldia Xabier Gantzarain idazlearen esku egon zen. Azkoitiar bezala, idazle bezala eta euskara irakasle bezala euskararekin izan duen harremana azaldu zuen, hainbat adibide jarriaz. Euskararen estetika baten alde agertu zen, Fermin Etxegoienek Neuronak eta zeuronak lanean egiten duen bidetik. Herri euskararen, euskara bizi eta koloretsuaren erakarpen indarra azpimarratu zuen. Euskararen estetikak lehen mailako garrantzia duela belaunaldi berriek euskarari gogoz hel diezaioten.
Hiztunetik hiztunera, euskararen bizipenek ezarritako bidetik mintegia Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean antolatu dute. Atzo Miramar jauregian zegoen Zigor Etxeburua diputazioko euskara zuzendaria, besteak beste. Jone Miren Hernandez EHUko irakasle eta antropologoa da ikastaroko zuzendaria. Egitaraua eta xehetasunak, Sustatun eta gipuzkoa.net-en.
Argazkian ezkerretik eskubira: Jone Miren Hernandez, Xabier Gantzarain, Juan Martin Elexpuru, Idoia Etxeberria, Jonah Rubin eta Zigor Etxeburua.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.