Euskal Herriko I. Hikadromoa Durangoko azokan, errepikatzeko modukoa
2024ko abe. 9a, 10:51

Badiharduguk Durangoko azokan antolatutako ekimenak primeran joan ziren: bai ostiraleko hitzaldia eta baita larunbateko Hikadromoa ere. Azokan guztira 200 ekimen egon arren, harrera beroa izan dute.
Amaitu da aurtengo azoka eta balorazioa egiteko garaia da. Badihardugu elkartetik bi ekimen antolatu ditugu azokan. Ekimen potoloena Euskal Herriko I. Hikadromoa izan da, ZirHika taldeak antolatua, Badihardugu eta Bagera euskara elkarteekin elkarlanean. 74 pertsonak hartu zuten parte, eta parte hartzaileak oso gustura ibili ziren batarekin eta bestearekin hika hizketan. Ostiral arratsaldean eman genuen hitzaldira ere hurreratu zen jendea, eta pozik geratu ginen aurkezpenarekin.Hotz egiten zuen. Euria zarra-zarra, atergabe. Giro desatsegina oso. Hikadromorako izena emandako batzuek etxean geratzea erabaki zuten. Hala ere, 74 hikazale batu ginen Landako ikastetxean, larunbat arratsaldean. 38 emakumezko eta 36 gizonezko, launaka eserita, hika berba egiteko gertu. Batzuek hika jarduteko ohitura zuten; beste batzuk, berriz, ikasten ari ziren. Bagera elkarteko Aitziber Gurutzeagak gidatu zuen dinamika eta oso ondo joan zen. Hiru gai, hiru txanda, eta txanda bakoitzean talde aldaketa. Amaieran, zozketa txiki bat; saria: hitanoarekin lotutako materiala.


ZirHika taldeak antolatzen duen lehen ekimena da Hikadromoa. Iazko azaroan Oñatin antolatu zen EHko I. Hika Topaketaren ondorioz sortu zen ZirHika taldea, hitanoa bultatzeko beharra ikusi baitzen. Euskal Herriko hainbat tokitako hika eragileek osatzen dute ZirHika.
Ostiraleko hitzaldian, Appa Hi! eta hitanoari buruzko webgunea
Ostiral arratsaldean azokako areto nagusian izan genuen hitzaldia. Poteo ordua bazen ere, hurreratu zen jendea, eta interesa erakutsi zuten. Aintzane Agirrebeñak Appa Hi! aplikazioari buruz hitz egin zuen; bost astean hika ikasteko aukera ematen du eta, batuko bertsioaz gainera, hainbat herritako bertsioak daude, urtetik urtera gehiago. Idoia Etxeberriak, berriz, aurten sortu duten hika. ahotsak.eus webgunea izan zuen hizpide. Webgune horretan hikako bideo-pasarteak eta hitanoari buruzkoak batu dituzte, guztira 1.000 bideo-pasartetik gora. Gainera, Badiharduguk gertatutako ikus-entzunezkoak eta azterlanak ere badaude, eta baita hitanoaren lotutako argitalpenak ere.


Argazkiak: Badihardugu elkartea
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.