Euskal Herri osoko eragileak elkartu ginen Oñatin, I. Hika Topaketa arrakastatsuan

2023ko aza. 16a, 09:26

Euskal Herriko toki askotako eragileak batu ziren joan zen ostiralean Oñatiko Eltzian, Euskal Herriko I. Hika Topaketan. Oso topaketa aberasgarria izan zen, makina bat esperientzia trukatzeko aukera eman ziguna eta aurrera begira pausoak egiteko bidea emango duena. Arratsaldeko lan-saioen ostean eragile gehienek azpimarratu zuten I. Topaketa honek sorrarazi digun ilusioa. Azken 20 urteotan Euskal Herrian izan diren hainbat proiektu ezagutzeko aukera emateaz gain, indarberrituta ere irten ginen guztiok Topaketatik, ahaldunduta eta etorkizunari aurre egiteko gogotsu.

Euskal Herriko toki askotako eragileak elkartu ginen Oñatin aurreko ostiralean, Euskal Herriko I. Hika Topaketan. 80 lagun inguru, Iparraldekoak zein Hegoaldekoak. Hitanoa biziberritzeko proiektuak sortu dira azken urteotan han eta hemen, baina gehienok ez genuen elkar ezagutzen. Badihardugu euskara elkarteko kideok horregatik antolatu genuen Topaketa, UEUrekin eta Oñatiko Udalarekin batera: elkar ezagutzeko eta elkarlanerako bideak aurkitzen saiatzeko. Jendea gogotsu eta ilusioz bertaratu zen eta Topaketan oso giro polita sortu zen. Bide eder baten abiapuntua izatea espero dugu.

Egun osoko lan-topaketa izan zen ostiralekoa. Goizean hitzaldi bat eta bi mahainguru egon ziren. Guztira 9 esperientzia ezagutzeko aukera egon zen, Euskal Herriko hainbat tokitakoak: Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherea; Leitza, Urola Kosta, Oztibarre, Markina-Xemein, Durangaldea, Oñati... adibide batzuk besterik ez ziren. Egia esan, Topaketako partaide gehienak egon zitezkeen oholtza gainean, hitanoa bultzatzeko lanetan izan duten esperientzia kontatzen. Publikotik egindako ekarpenak oso interesgarriak izan ziren. Hitzaldi-mahainguruok Goienak bideoan grabatu zituen eta, bideo hori prest dagoenean, zabaltzeko asmoa daukagu. 

Arratsaldean Topaketako partaide guztiek izan zuten euren esperientzia kontatu, iritzia eman eta proposamenak egiteko aukera, talde txikietan nor bere alorrekoekin bilduta: euskara elkarteetako kideak, hika irakasleak, euskara teknikariak, ikerlariak... Farapi kooperatibak gidatu zituen arratsaldeko talde-dinamikak. Bertan jasotako informazio guztia partaide guztiei helaraziko diegu, aste batzuk barru. Ezinbestekoa izango da ondorioak ateratzeko eta aurrera nola jarraitu erabakitzeko: nola saretu, zer-nola egin... 

Hona hemen Topaketan erakutsi genuen bideo laburra, Badiharduguk Ahotsak proiekturako egindako grabazioetan oinarritua:

Badihardugu euskara elkartea eta UEU aritu gara Topaketa antolatzen, Oñatiko Udalaren laguntzarekin eta hainbat talde eta erakunderen babesarekin: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Mara Mara, Goiena, Ingo Xonau!...

Topaketa Oñatin antolatzea ez da izan kasualitatea. 2019tik hona lan handia ari dira egiten hitanoa bultzatzeko: elkarrizketak, hika ikasteko liburuxka, hika ikastaroak, Hika Egunak, hika-bertso-saioak, Appa hi! aplikazioa... Ikusi hemen Oñatiko Udalak babesten duen Ingo xonau! egitasmoaren ibilbidea

 

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia