Euskal Herriko Ahozko Corpusen Diagnosia
2011ko urr. 27a, 13:18
Gaur, urriak 27, Ikusentzunezko Ondarearen Munduko Eguna ospatzen da
mundu osoan, UNESCOk izendatuta. Ospakizun hori aprobetxatuta,
Mintzola Fundazioarekin elkarlanean garatzen ari garen proiektu baten berri eman nahi dizuegu: "Euskal Herriko Ahozko Corpusaren Diagnosia".
Mintzola Fundazioak Euskal Herriko Ahozko Corpusaren Diagnosia egiteko egitasmoa jarri du martxan. Egitasmoaren helburua da Euskal Herrian ahozko ondarea jasotzeko egin diren grabazio guztien katalogazioa egitea eta funtsen egoeraren argazkia ateratzea. Lehenik ahozko dokumentuen eta funts guztien katalogazioa egin nahi da (non, nork eta nola gordeta dauden aztertzea); ondoren Funtsen egoera eta ezaugarriak zerrendatuko dira; azkenik, ikerketa eta transmisiorako diagonosia eta
proposamenak egingo dira.
Izan ere, Euskal Herrian barrena makina bat grabazio egin izan dira azken urteotan bertako ahozko ondarea jasotzeko, hainbat esparrutatik bideratuta (dela hizkera, etnografia, historia, toponimia, kontakizunak, kantak, eta abar). Egitasmo honen asmoa da, jakitea zein ahozko dokumentu ditugun Euskal Herrian zehar, zein egoeratan eta nola erabil ditzakegun ondorengo urteetan.
Diagnosi honetan ahozko hitzari erreferentzia egitean bi eremu hartuko dira kontuan: genero berezituak (bertsoa, antzerkia, kantua, ipuina…) eta genero arruntak (grabazio libreak, herri hizkera jasotzeko egindakoak, ahozkotasuna hezkuntzan, unibertsitate mailako ikerlanak, gazteen artean jasotakoak, eta abar).
Egitasmo honen lehenengo fasea 6 hilabetekoa izango da eta Ahotsak.com proiektuko kideon laguntza ere izango du. Izan ere, Ahotsak.com webgunean bertan ere aspaldi hasi ginen Euskal Herri osoan zehar egin diren beste proiektu batzuk jasotzen, digitalizatzen eta katalogatzen, gure herri osoan sakabanatuta zeuden funtsak bateratuz eta katalogatuz. Dagoeneko 100 proiektutik gora ikus ditzakezue Proiektuen atalean.
Epe honetan langile bat ibiliko da lanean erakundez erakunde, artxibategiz artxibategi, elkartez elkarte... datuak jaso eta antolatzen. Diagnosi honetatik lortutako emaitzak argitara emango dira 2012ko udaberrian.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.