Europako hizkuntza aniztasunaren foroa, Donostian

2016ko abe. 16a, 15:57

Europako hizkuntza gutxituak aztergai, atzo eta gaur Donostiako Kursaalean. Hainbat adituren esperientziak eta iritziak ezagutzeko aukera ari gara izaten.

Atzo hasi zen Europako hizkuntza aniztasunaren foroa, eta gaur ere Kursaalean horixe da hizketagaia: Europako hizkuntzak. Nola lortu Europako hizkuntzak babestu eta biziberritzea? Zein da hizkuntza politiken egoera, hizkuntza gutxituei dagokienean bereziki? Europan 100dik gora jatorrizko hizkuntza hitz egiten baitira, eta horietako asko hiztun komunitate txikiek edo ofizialtasunik gabe. Badihardugu euskara elkarteko kideak ere forora etorri gara, Europako hizkuntzen egoera, erronkak eta kezkak gertutik ezagutzera. Eta oso interesgarria ari da izaten.

Foroa DSS2016k eta Unesco Etxeak antolatu dute. Eta Europako hizkuntza gutxituak defendatzen eta sustatzen dituzten eragileak, erakundeak eta adituak batu dituzte. Guztira 30 aditu baino gehiagoren iritzia ezagutzeko aukera egongo da, bi egunotan. Atzo goizean luze jardun zuten Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloari buruz: noiz eta nola sortu zen, eta izan duen garapenaz zein eraginkortasunaz. Kontuan hartu behar da Protokoloa zehazteko azken kongresua Donostian bertan egin dela, aurten. Arratsaldean, berriz, hezkuntza izan zen hizpide: hezkuntza eleanitza, hizkuntza gutxitu bat tartean dela. Hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izan genuen, eta hainbat argi-itzal, aintzat hartzeko modukoak.

Gaur goizean Hizkuntza gutxituen Europako Kartaren nondik norakoak eta Europako hizkuntza politika izan dira eztabaidagaiak. Betetzen al dira Europako Kartak hizkuntza aniztasuna babesteko ematen dituen aholkuak? Beharrezkoa al da hizkuntza politika bateratua Europan? Ba al dago horretarako borondate politikorik? Azken 20-25 urteetan eman diren aurrerapausoak aipatu dituzte, baina baita hutsuneak eta eragozpenak ere. Koordinazio flata eta estatu batzuetako politikarien borondate falta, besteak beste. Eta arratsaldean euskararen biziberritze prozesua eta Unescoren Munduko Hizkuntzen Atlas berria izango dira hizpide nagusiak.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia