Esperientzia aberasgarria, Hitzargiak topaketetan

2016ko eka. 28a, 09:54

Hizkuntza gutxituak biziberritzeko 40 proiektu baino gehiago ezagutzeko aukera izan genuen, aurreko ostegunean eta ostiralean, Hitzargiak topaketetan. Guk Ahotsak.eus aurkeztu genuen, ondareari buruzko mahainguruan. Oso jardunaldi interesgarria, eta bikain antolatuta. Zorionak, beraz, antolatzaileei.

Europa osoko 17 hizkuntza gutxiturekin lotutako hainbat jardunbide eredugarri ezagutu genituen joan zen astean, HITZARGIAK Europako hizkuntzak biziberritzeko jardunbideen Topaketetan. Horixe baitzen Hitzargiak egitasmoaren helburua: hizkuntzek elkar argitzea. Hizkuntzen biziberritze-prozesuan dabiltzan eragileei elkarren berri izan, eta zubiak eraikitzeko abiapuntua eskaintzea. Asko dira Hitzargiak egitasmoan identifikatu dituzten jardunbide egokiak. Eta gurea da horietako bat: Ahotsak.eus.

Orona Ideo eraikinean izan ziren topaketak, Hernanin, eta antolatzaileen artean zeuden Emun, Soziolinguistika Klusterra eta Donostia2016. Antolaketa aldetik, bikain egon zen dena: eraikina, kudeaketa, baliabideak,... Leku egokian eta ederto antolatuta. Zorionak guztiei, beraz.

Hasierako aurkezpen eta hitzaldi nagusiaren ostean, mahai-inguruen txanda izan zen 2 egunez, ostegun-ostiralez. Hamahiru mahainguru izan ziren orotara, eta bakoitzean hiruzpalau proiektu ezberdin. Guk lehenengo mahainguruan parte hartu genuen, ostegun goizean, ahozko ondareari buruzkoan. Alsaziako Caroline Suss (Sammle), Galiziako Nel Vidal (As Candongas) eta Eskoziako Gordon Wells (Island Voices) izan genituen mahaikide. Badihardugu elkarteko Asier Sarasuak gidatu zuen mahaingurua eta Idoia Etxeberriak azaldu zuen proiektua. Ordezkari bakoitzak hamar minutuko aurkezpena egin zuen, eta mahainguruaren bukaeran galderak egiteko aukera egon zen. 

Hainbat gai jorratu zituzten topaketetan, egitarau oparoa antolatu zuten eta. Hizkuntzaren ezagutzaren eta erabileraren esparru asko izan ziren hizpide: ondarea, transmisioa, hezkuntza, komunikabideak, aisialdia, teknologia... Elkartrukerako tarteak ere izan ziren, elkar ezagutzeko oso garrantzitsuak. Hortaz, oso topaketa interesgarriak izan ziren guztiontzat, eta helburu nagusiak bete zirela iruditzen zaigu, Europan hizkuntza gutxituak biziberritzeko egiten ari garen dozenaka egitasmoak aurkeztu eta elkar ezagutzea. Guztion arteko zubiak eraikitzea.

Europako Hitzargiak, topaketak baino gehiago

DSS2016ren proiektuetako bat da Hitzargiak, eta ez da topaketa hauetara mugatzen. Esan daiteke topaketa hauek ibilbide luze baten ondorio direla. Izan ere, hilabeteak daramatzate lanean. Hainbat elkarte eta erakunde ari dira parte hartzen, partzuergoa osatuta, Soziolinguistika Klusterraren gidaritzapean. Aditu talde batek lan ederra egin du jardunbide aproposak identifikatu eta sailkatzen. Eta talde teknikoak, berriz, jasotakoa ezagutarazten. Lan horren emaitza Hitzargiak webgunean aurkituko duzue. Ehundik gora jardunbide jaso dituzte, 13 herrialdetakoak eta 25 hizkuntzatakoak. Argitxoak Europako mapan kokatu dituzte, elkarren berri izan dezagun. Proiektu bakoitzarekin lotutako informazioa eta kontaktuan jartzeko moduak ere badatoz bertan.  

Beste hizkuntza batzuetan egiten dutena ezagutzeko aukera paregabea izan dira topaketa hauek. Mila esker antolatzaileei!

 

Irudian, ahozko ondareari buruzko mahaingurua. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia