"Eskutitzak" antzezlanaren aurkezpena eta mahaingurua ostegunean Azkoitian

2016ko ots. 29a, 12:00

Larunbatean, martxoaren 5ean, Eliasek eta Arandiak zuzendutako Eskutitzak antzezlana taularatuko dute Azkoitian. Lana girotzeko, 1936 urteari eta transmisioari buruzko mahaingurua egingo da ostegunean; garai horretan kokatzeko, Ahotsak proiekturako herrian jasotako hainbat testigantza ikusiko dira ekitaldian.

Itziar Elias antzezle eta gidoigile azkoitiarrari bere aitona-amonen eskutitz batzuk aurkitzean sortu zitzaion Eskutitzak antzezlanaren gidoia egiteko ideia. Amona Azkoitiko familia aberats batean jaiotakoa zen, frankistak ziren. Aitona, berriz, Azpeitiko familia xume batekoa zen, gorria, gudaria. Berehala maitemindu ziren, baina zailtasun handiak izan zituzten elkarrekin egoteko. Horixe antzezlanaren muina: debekatutako maitasun istorioa. Eta elkarren arteko eskutitzak ardatz. 1936an gertaturikoa da istorioa eta, garaian kokatzeko, Ahotsak.eus-eko hainbat pasarte kontsultatu eta erabili zituen Eliasek gidoia prestatzeko orduan.

Antzezlanak DSS-2016ren "Mugalariak" saria irabazi zuen, eta antzerkia sortu eta taularatzeaz gain, Elias ikastetxeetara ere joaten da gaztetxoei antzezlanaren sorkuntza prozesua nolakoa izan den azaltzera.

Eskutitzak antzezlana Azkoitian taularatuko dute larunbatean, gaueko 22:00etan. Eliasekin batera, Izaskun Arandia zinemagilea da antzezlanaren zuzendaria. Aktoreak, berriz, Aitor Fernandino, Iosu Florentino, Martxelo Rubio, Olatz Beobide, Aiora Sedano eta Elias bera.

Antzezlanaren aurkezpena egiteko eta gaia kokatzeko, ekitaldi bat antolatu du Eliasek ostegunerako, Azkoitiko Udalaren, Maxixatzen Euskara Elkartearen eta Ahotsak.eus-en babesarekin. 1936. urtea eta transmisioa ardatz harturik, mahaingurua izango da. Juan Bautista Mendizabal eta Ekaitz Etxezarreta historialariek eta Eliasek berak hartuko dute parte ekitaldian. Horretaz gain, antzezlanaren gidoia egiteko orduan sortzaileak iturri gisa erabili zituen Ahotsak.eus-eko pasarteak ikusi ahal izango dira. Honako hauek, besteak beste:

Informazio gehiago eta sortzailearen hitzak zuzenean entzuteko aukera Maxixatzen.eus webgunean.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia