"Ermuko aditz-taulak" liburuxka aurkeztu da Ermuan
2014ko mai. 9a, 14:04
Fernando Aranberri filologo ermuarraren Ermua eta Eitzagako euskara lana oinarri hartuta, Ermuko aditz-taulak liburuxka kaleratu du Badihardugu Euskara Elkarteak. Asteazkenean, maiatzaren 7an, egin zuten aurkezpena, Ermuan bertan.
Badihardugu Euskara Elkarteak 2005. urtean jarri zuen martxan Deba Ibarreko herri bakoitzeko adizkiak jasotzen dituzten aditz-taulak osatu eta kaleratzeko proiektua. Ordutik hona, urtero, eskualdeko herriren bateko adizkirik erabilienak tauletan ipini, eta liburuxka erabilgarri batean kaleratzen dira. 10 ale kaleratu dira orain arte, eta azkena, 11.a, Ermuko aditz-taulak liburuxka izan da.
2013an Ermuko aditz-taulak prestatzen jardun zuten Badihardugu Elkarteko kideek, Fernando Aranberri filologo ermuarraren Ermua eta Eitzako euskara lanean kaleratutako adizkiak oinarritzat hartuta. 16 orriko liburuxka osatu da, eta 500 ale kaleratu dira guztira. Fernando Aranberriren sarrera darama, eta ondorengo orrietan Ermuan gehien erabiltzen diren adizkiak jasotzen dira.
Lanaren aurkezpena asteazkenean egin zuten Ermuko Udal liburutegian herriko euskara teknikaria den Fernando Aranberrik eta Badihardugu Elkarteko Aintzane Agirrebeñak. Datozen egunotan Ermuko Euskal Birusa Elkarteak liburuxkaren ale bana banatuko die elkarteko bazkideei; guztira, 285 ale inguru banatuko dira dohainik. Liburuxkaren ale bat erosi nahi duenak, berriz, atzo ateak zabaldu zituen Ermuko liburu eta disko azokan izango du aukera; igandera arte luzatuko da azoka, eta, Ermuko aditz-taulen liburuxkaz gain, Badihardugu Elkartearen gainontzeko argitalpenak ere eskuratu ahal izango dira bertan. Lanaren PDFa jaisteko aukera ere badago, www.badihardugu.com webgunean, aditz-taulen bildumari dagokion atalean.
Argazkian: Euskal Birusa Elkarteko Amaia Arriaga, Badihardugu Elkarteko Aintzane Agirrebeña eta Fernando Aranberri filologo ermuarra.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.