"Elorrixoko berbetia", paperean eta sarean kontsultagai

2014ko abe. 18a, 17:44

Asteartean, abenduaren 16an, Badihardugu Euskara Elkarteak prestatu duen Elorrixoko berbetia liburuaren aurkezpena egin zen Elorrioko Iturri Kultur Etxean. Egindako lana sarean ere ikusgai dago, Dijitalidadea enpresak atondu duen www.elotop.net/euskara webgunean.

Elorrioko Iturri Kultur Etxeko Areto Nagusia jendez bete zen asteartean, bertako euskararen inguruan azken urteetan egin den lana ezagutzeko asmoz. Ana Otadui alkateak eman zion sarrera ekitaldiari, ahozko ondareak eta euskarak duten garrantzia, eta horiek jaso eta gorde beharra azpimarratuz. Segidan, azterketa linguistikoaren ardura izan duen Badihardugu Euskara Elkarteko Aintzane Agirrebeñak liburuaren nondik norakoen berri eman zuen. Eta, azkenik, webgunea prestatu duen Dijitalidadea enpresako Gotzon Barandiaranek sarean aurki daitekeen informazioari buruzko azalpenak eman zituen. Ekitaldearen amaieran bertaratutakoei liburuaren ale bana eman zitzaien, esker gisa.

2009an Elorrioko Udalak atera zuen beka bati esker  jardun dute Badihardugu Euskara Elkarteko Juan Martin Elexpuruk eta Aintzane Agirrebeñak Elorrioko euskara jasotzen eta aztertzen azken urteotan. Elorrioko Ahotsak proiekturako egindako grabazioak hartu dira oinarri gisa, herriko hizkeraren azterketa egiterakoan; hala ere, beste iturri batzuetatik ere jaso da informazioa, besteak beste, Miriam Erizek Elorrioko toponimia lanerako egindako elkarrizketak eta transkripzioak, Garaizabal neba-arrebek 1984an Elorrioko hitanoari buruz egindako ikerketa, edo Irizarrek Morfología del verbo auxiliar vizcaíno (1992) lanean bildutako adizkiak. Horretaz gain, ezinbestekoa izan da lana borobiltzeko herriko lantalde baten laguntza. Liburuaren sarrera historikoa, berriz, Cesar Gallastegi elorriarrak egin du.

Ondoren, liburuan jasotako guztia sarean jarri du Dijitalidadea enpresak: www.elotop.net/euskara. Eta, horretaz gain, Elorrioko Ahotsak proiektuko bideoak eta transkripzioak ere aurki daitezke bertan.

Honako hauek, esate baterako:

 Pantxi Treviñok abestutako hainbat kanta ere jaso dira liburuan. Honakoak, adibiderako:

 Lekukoek eurek bertako euskararen inguruan duten iritzia ere bildu da liburuan:

 Aurkezpenean bertan ere, ekitaldiaren amaieran, Elorrioko auzoen artean dauden ezberdintasunei buruz jardun zuten bertaratu ziren herritarrek eta giro polita sortu zen.

Aurkezpenaren inguruko informazio gehiago Anboto aldizkarian edo Dijitalidadea enpresaren blogean.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia