"Elgoibarren Aniztasuna Ikasgai" proiektuko bideoak eta ikasmateriala sarean erabilgarri, guztion eskura

abe. 1, 2020, 9:49 a.m.

Elgoibarko aniztasuna ezagutarazteko, hainbat jatorritako ikasle eta gurasoak elkarrizketatu ditugu herriko LHko bi ikastetxeetan. Testigantza horiekin bi ikus-entzunezko eta ikasgeletan erabiltzeko ikasmateriala gertatu ditugu. Sarean daude, interesa duenaren eskura!

Elgoibarko ikastetxeetako aniztasuna jaso eta ezagutaraztea da "Elgoibarren Aniztasuna Ikasgai" proiektuaren helburua eta, bide batez, baita herriko aniztasuna ere. Horretarako, Badihardugu elkarteko kideok hainbat jatorritako ikasle eta gurasoak elkarrizketatu ditugu, Elgoibarko LHko ikastetxeetan: Herri Eskolan eta Ikastolan. Testigantza horiekin bi ikus-entzunezko gertatu ditugu, eta ikasgeletan erabiltzeko ikasmateriala. Elgoibarko Udalak bultzatu eta babestutako proiektua da.

Guztira, 9 jatorritako 6 ikasleren eta 4 gurasoren elkarrizketak jaso ditugu, eta testigantza horiekin bi ikus-entzunezko prestatu, ikastetxeetan erabiltzeko eta jasotakoa herrian ezagutarazteko.

Bideo laburra (2,30 min):

Bideo luzea (14 min):

Ikasgelan aniztasuna lantzeko material pedagogikoa ere prestatu dugu, eta irakasleen esku jarri Ahotsak Ikasgelan webgunean (Badiharduguk jasotako ondarea ikastetxeetara zabaltzeko sortua), aniztasuna lantzeko beste baliabide bat izan dezaten.

Elkarrizketatuen biografia laburrak eta bideo-pasarte aukeratuak 101-L webgunean jarri ditugu (hiztunaren, hizkuntzaren eta gaiaren arabera sailkatuta), irakasleen eta herritar guztien eskura. Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak ezagutarazteko sortu genuen 101 L proiektua. Donostialdean hitz egiten diren hizkuntzekin eman genion hasiera, eta pixkanaka beste herri batzuetara zabaltzen doa. Elgoibarko Udalak ere bere ekarpena egin nahi izan du, proiektu honekin.

Eskerrik beroenak "Aniztasuna Ikasgai" proiektua posible egin duten guztiei, Elgoibarko Udalari, bitartekari lana egin duten irakasleei eta elkarrizketa egitera animatu diren ikasle eta gurasoei bereziki. Mila esker!

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia