Koldo Zuazoren ibilbidea omendu dute Gasteizen eta bere lana jasotzen duen "Eibartik Zuberoara euskalkietan barrena" liburua aurkeztu da

ira. 23, 2020, 9:45 a.m.

Joan zen ostiralean, irailaren 18an, Koldo Zuazo EHUko irakaslea eta euskalkien ikertzaile sutsua omendu zuten Gasteizen haren lankide eta hurbilekoek. Ekitaldian Zuazoren omenez argitaratutako Eibartik Zuberoara euskalkietan barrena liburua aurkeztu zuten. Koldo Zuazo Badihardugu elkarteko kide eta sortzaile dugu eta gure esker ona ere adierazi nahi diogu. Zorionak Koldo!

Euskalkiez ari garenean, burura datorkigun lehen izena Koldo Zuazo hizkuntzalariarena izan ohi da. Izugarrizko lana egin du urte luzez hango eta hemengo euskalkien ezaugarriak biltzen eta euskalkiak sailkatzen. Horren erakusgarri dira euskalkien inguruan kaleratu dituen hainbat eta hainbat lan, besteak beste 1998an lehenbizikoz kaleratu zuen euskalkien mapa, 2018an kaleratutako Sarako euskara bere azkenengo azterlana, edo 2015ean argitaratutako Euskalkiak.eus webgunea.

Badihardugu Euskara Elkarteak ere kaleratu izan ditu Zuazoren zenbait lan, izan ere, Badiharduguko kide ere bada, elkartea sortu zenetik, eta beti egon izan da gure proiektuetan laguntzeko prest. Deba eskualdean abiatu zen Ahotsak proiektuak ere Zuazoren bultzada izan zuen bere eremua Euskal Herri osora zabaltzeko.

EHUko irakasle gisa urte asko egin ostean, laster erretiroa hartuko du Zuazok. Hori dela eta, omenaldia egin zioten ostiralean Gasteizen, Arabako Campusean, lankide eta hurbilekoek. Gainera, haren omenez prestatu duten Eibartik Zuberoara euskalkietan barrena liburua aurkeztu zuten,  Eibarko udalaren babesarekin osatutako artikulu-liburua. Esan bezala, liburu horren aurkezpena edo emate-ekitaldia izan zen joan zen ostiralean Gasteizko campusean egin zena, Koldori egindako omenaldi gisa. Parte hartu zuten hizlari guztiek “Koldoren argitasuna, naturaltasuna, lanerako grina eta jendearekin konektatzeko duen erraztasuna” azpimarratu zituzten eta bereziki goraipatu zuten eibartarrak dialektologiaren alorrean egindako lanaren maila. Erretiroa hartu badu ere, lanean jarraitzeko gonbita egin zioten lankide eta lagunek.

Badihardugu Euskara Elkartearen izenean ere zorionak eta mila esker, Koldo!

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia