"Eibar 1960-1980: gozo eta mikatz" dokumentala prestatu du Badiharduguk

2024ko uzt. 4a, 09:10

Badihardugu Euskara Elkarteak "Eibar 1960-1980: gozo eta mikatz" gazteei zuzendutako dokumentala prestatu du Eibarko Udalaren Egoibarra Batzordearen eskariz. Ikuspegi ezberdinetatik, Eibarrren diktaduraren azken urteak eta trantsizioaren hasierakoak nola bizi izan zituzten ezagutzeko aukera ematen digu dokumental honek.

Badihardugu Euskara Elkarteak, "Eibar 1960-1980: gozo eta mikatz" Eibarko trantsizioari buruzko 40 minutuko dokumentala prestatu du Eibarko Udalaren Egoibarra Batzordearekin batera. Eibarko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen eskola-kurrikuluma kontuan hartuta sortua izan bada ere, herritar guztiei dago zuzenduta.

Francoren diktaduraren azken urteetako eta trantsizioaren hasieraren inguruko lekukotasunak jasotzeko asmoz, 2021. urtean Egoibarra Batzordeak (Eibarko Udala) eta Badihardugu Euskara Elkarteak elkarlanean martxan jarritako ekimenaren emaitza dugu dokumental hau. Proiektua abiatzeko lehen urratsa garai hartan Eibarren esparru ezberdinetan (politikoa, soziala, kulturala, sindikala, euskara, osasuna...) jardun zuten herritarren lekukotasunak jasotzea izan da. Guztira 29 herritar elkarrizketatu ditugu eta lekukotasunak landuta eta pasarteka antolatuta aurki daitezke Ahotsak.eus-en eta Egoibarrako Eibartarren Ahotan atalean. Elkarrizketa berriez gain, Euskal Herriko Ahotsak proiektuan aurretik jasota zeuden lekukotasunak ere erabili ditugu. Hona hemen, adibide gisa, pasarte interesgarri bat:

Lau zatitan dago banatuta dokumentala. Aurrenekoak, 1960-1965 urteetan Eibarrek jasandako ikaragarrizko hazkundea biltzen du (fabrikak, etorkinak, lana...); bigarrenak, 1966-1972 urteetan emandako hirigintza, kultura-mugimendu berrien sorrera eta gatazka politiko gogorrak azaltzen ditu; hirugarrenak (1973-1975), petrolioaren prezioaren gorakadak herritarrengan izan zuen eragina islatzen du; eta, laugarrenak, "Trantsizioa" deiturikoa (1976-1982), gorabehera handiko urteak erakusten ditu: lehenengo udal demokratikoa, erreforma politiko handiak, auzolanak, feminismoaren sorrera Eibarren... Honi buruzko informazio gehiago Egoibarrak argitaratutako albistean aurki dezakezue. 

Dokumentala osorik ikusgai, hemen: 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia