Ecuadorreko ikerlariak Ahotsak.com ezagutzen

2010ko mar. 8a, 10:41

Joan zen astean bisita berezia izan genuen Ahotsak.com proiektuaren bulegoan. Ecuadorreko PUCE unibertsitateko Marleen Haboud ikerlaria izan zen Eibarren, bere lanen berri ematen eta Euskal Herrian egiten dugun proiektuaren gorabeherak ezagutzen. Elkarlanerako lehenengo pausoa izan da.

Marleen Haboud Quitoko (Ecuador) PUCE unibertsitateko ikerlaria da. Hizkuntzalaria da eta, besteak beste, ahozkotasunaren gaineko proiektu interesgarri baten arduraduna da: Oralidad y Modernidad. Nolabait esateko, "Ecuadorreko Ahotsak" egiten dute. Ecuadorreko hizkuntza indigenetako lekukotasunak jaso, bideoz grabatu eta interneten jarri.

Euskal Herrira egin behar zuen bisitaldi bat aprobetxatuta, eta Garabide elkartearen bitartekari lanari esker, Badihardugu Elkartearen bulegoan elkartu ginen elkarren berri izateko: Ahotsak.com eta Oralidad y Modernidad.

Gauza asko eta askotan antzekotasun handiak dituzte bi proiektuek, batez ere, helburu eta metodologian. Baina badira zenbait desberdintasun nabarmen.

  • euren helburu nagusia, hasierako fasean, hizkuntza indigenetako hiztunek euren hizkuntzarekiko duten jarrera jasotzea izan da (hitz egiten duten edo ez, transmititzen ote duten, konplexuak, kezkak, gaztelaniarekiko jarrera eta abar).
  • Euskal Herriko egoerarekin alderatuta, zailtasunak eta oztopoak nabarmenak dira: Ecuadorren 13 hizkuntza indigena daude (guk bakarra), distantziak askoz handiagoak dira, errepide eta komunikabideak oso txarrak, hainbat lurraldetan ez dago argindarrik eta abar.Grabazioak egiteko lana, beraz, askoz nekezagoa da.

Proiektua orain dela 2-3 urte abiatu zuten, oso baliabide gutxirekin, baina dagoeneko hainbat hizkuntzatako lekukotasunak jaso dituzte (bereziki Ketxuaren hainbat dialektotakoak).

Bilketarekin batera, hedapenari ere garrantzi handia ematen diote; komunitate indigenetan egiten dute, gehienbat, hedapen-lana: tailerrak, DVDak eta abar.

Katalogazio eta kodifikazio lanean, aldiz, oraindik ez dute lan handirik egin eta hortxe etor daiteke Ahotsak.com eta PUCEren arteko elkarlana, gure esperientzia Ecuador aldera eraman eta ahal dugun neurrian laguntzeko.

Bilera oso emankorra eta pozgarria izan zen guztiontzat. Munduko beste muturretik etorri arren, ikusi genuen lan berbera egiten dugula, helburu berdinak ditugula, oztopo berak, antzeko zailtasunak eta kezkak... Transkribatzeko irizpideen zailtasuna, taldekako grabazioak egiteak sortzen dituen buruko minak, gaztelaniaz hitz egiten hasten diren hiztunak eta abar. Mundu bi, helburu bi... baina antzeko proiektuak. Gure ahozko ondarea jasotzeko gogo biziak bultzatzen gaitu bai eurak eta bai gu.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia