Eako ahotsak proiektua martxan dago jadanik
2012ko urr. 4a, 12:51
Pasa den udan, herriko boluntarioekin martxan jarri zen Eako ahotsak proiektuarekin buru belarri dabiltza Bizkaiko kostaldeko udalerri honetan.
2009an Eako Euskara Batzordean erabaki zuten beharrezkoa zutela egungo herriko euskararen egoeraren diagnosia egin eta euskararen ahuleziak gainditzeko plan bat diseinatzea.
Honela, azterketa egin ondoren, 2010-2012rako EBPN (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) diseinatu eta esparru ezberdinen artean zeuden Kulturgintza arloaren baitan, tokian tokiko hizkera, toponimia, historia, ohiturak… eta abar jaso eta hedatzea sustatzeko helburuarekin, bi ekintza zehatz aurreikusi zituzten: alde batetik, herriko toponimiaren azterketa egin eta honekin batera emaitzak mapa batean bildu eta herrira zabaltzea, eta bestetik, herriko hizkera grabazioen bitartez jasotzea.
Gauzak horrela, Euskaltzaindiako teknikarien gomendioz, toponimia ikerketa aditu batek egitea erabaki zuten eta bertako hizkera jasotzerako orduan aldiz, herriko boluntarioekin hasi ziren lanean, haien ustez, hauek baitira "herriko jende nagusiarekin elkarrizketak egin eta grabatzeko pertsona aproposenak".
Hau dela eta, ahozko ondarea jasotzeko, boluntarioen bilketarako deialdi ireki bat egin zen eta bertara herriko jendea eta Ahotsak-eko kide bat gerturatu zen materiala, laguntza eta elkarrizketen koordinazioa bideratzeko asmoekin. Andere Gonzalezen ardurapean, 2012ko maiatzetik aurrera, bertako jende nagusiari elkarrizketak egiten ibili dira sortutako taldeko kideak.
Proiektuaren amaiera noiz izango den zehaztua ez dagoen arren, lana burutu ostean, grabaketak udaletxean jasotzeaz gain, haien asmoa, Ahotsak.com webgunean zintzilikatu eta Eako ahotsak proiektuaren emaitzak herritarren artera kaleratzea izango da hau borobilduko duen aurkezpen zabal batekin.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.