"Durangoko ahotsak" proiektua aurkeztu dugu

2012ko eka. 12a, 16:17

Joan zen larunbatean Durangoko San Agustin Gunean bildu ginen azken urteotan Durangon egindako lana aurkezteko. Hantxe elkartu ginen Ahotsak-eko kideak, proiektuan parte hartu duten lekukoekin, senideekin eta Udaleko ordezkariekin. Durangoko ahotsak proiektuaren emaitzak aurkeztu genituen, baina batez ere, proiektuan parte hartu duten 40 durangarrei eskerrak eman nahi izan genizkien.

Ekitaldia eguerdiko 12etan hasi zen, Durangoko San Agustin Aretoan. Badihardugu Elkarteko Asier Sarasuak egin zituen aurkezle lanak, eta entzuleen artean hainbat herritar bildu zen. Batez ere, protagonistak, azken 3 urteotan euren ahotsa eta lekukotasuna utzi diguten gizon-emakumeak. Horiekin batera euren senideak. Eta baita beste zenbait herritar ezagun eta ezezagun, Udaleko ordezkariekin batera, Aitziber Irigoras alkatea eta Toni Atutxa euskara teknikaria buru zirelarik.

Ekitaldiaren helburua bikoitza zen. Alde batetik, Durangoko Ahotsak proiektua aurkeztu nahi zen jendaurrean. Azken urteotan, Badihardugu elkartearen eta Durangoko Udalaren lankidetzari esker, herriko 40 lagun inguru elkarrizketatu eta grabatu dira bideoz, euren lekukotasuna jasotzeko. Durangoko euskara eta historia jasotzeko asmoa izan du proiektuak, azken urteotako aldaketen aurrean, garai bateko Durango nolakoa zen ezagutzeko. Herriko historia, antzinako bizimodua eta ohiturak, kontu etnografikoak, eta abar. Baita alderdi linguistikoa eta dialektologikoa ere. Proiektuaren arduraduna Nerea Goiria muxikarra izan da.

Proiektuan jasotako informazio guztia landu eta katalogatu egin da, hainbat zati transkribatuz, eta gehiena sarean ere jarri da, Ahotsak.com webgune honetan bertan, Durangoko herriaren atalean. Dagoeneko 300 bideo-pasarte baino gehiago ikus daitezke sarean, egindako elkarrizketa guztien zerrendarekin batera.

Hala ere, larunbateko ekitaldiak bazuen beste asmo bat ere, aurrekoa baino garrantzitsuagoa: proiektuan parte hartu duten adineko 40 durangarrei eskerrak ematea eta omenaldi txiki bat egitea, euren lekukotasuna uztearren eta proiektuan parte hartzeko prest izatearren. Euretako bakoitzari elkarrizketaren kopia ere banatu zitzaion eta diploma bat ere eman zitzaien.

Elkarrizketa guztiak euskarri digitalean jaso eta gorde dira, hurrengo belaunaldiek eskuragarri eta gozagarri izan dezaten Durangoko Ahozko Artxiboa. Sarean gordetzeaz gain, Durangoko Artxiboan ere gordeko dira grabazio guztiak. 

Bukatzeko, Aitziber Irigoras alkateak ere eskerrak eman zizkien bertaratutakoei, eta proiektuan zehar jasotako lekukotasunen adibide bat ere ikusi ahal izan genuen, ondorengo bideoaren bidez.

 

Badihardugu Elkarteak eta Euskal Herriko Ahotsak proiektuak eskerrak eman nahi dizkie proiektuan parte hartu eta lagundu diguten guztiei, bereziki lekukoei eta senideei, elkarrizketetan lagun izan dugun Alberto Errazti ikerlariari eta Durangoko Udalari.

Prentsan ere azaldu da:

Argazkia: Durangon.com. Talde argazkia, ekitaldi amaieran.

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia