Donostiako Ahotsak proiektua ondo bideratuta
2010ko mai. 5a, 14:34
Aste honetan urtebete bete da Donostiako Ahotsak proiektua martxan jarri zenetik. Donostiako Udalak eta Badihardugu Elkarteak izenpetutako lankidetza-hitzarmenari esker, Donostiako ahozko ondarea, hizkera eta memoria historikoa jasotzeko hainbat grabazio egin dira azken urte honetan Donostiako auzo guzti-guztietan.
Donostiako elkarrizketak bide onetik doaz. Euskal hiztunak sakabanatuta bizi dira hiriburuan, eta batzuetan ez da erraza haien berri izatea, baina pixkanaka-pixkanaka adineko ehundik gora lagun elkarrizketatu ditugu. Ahalik eta auzo gehienetan.
Oso harrera ona egin digute, eta makina bat kontu esan ere bai. Gerra aurrekoak zein ondorengoak. Beste Donostia bat ezagutzeko balio duten pasadizoak dira. Arrantzaleen mundua, fabrika handietako eta denda txikietako langileena, baserritarrena, etxeko andreena... gaur egungoaz oso bestelako bizimodua eta mundu ikuskera. Aberasgarria oso.
Idoia Etxeberria kazetari eta filologoa da Donostiako elkarrizketen arduraduna eta azken asteotan Añorgan ibili da. Tertulia bat ere egin zuen, lau añorgatarrekin, Rezola museoan (argazkian). Ebaristo Aiestaranek, Kontxita Agotek, Joxema Mendiolak eta Mari Pili Alkainek beraien umetako eta gaztetako kontuak aletu zituzten, eta auzo berezi horren eta auzotarren izaera erakutsi, oso umore onean.
Orain arte grabazioak izan dira proiektuaren lehentasuna: ahalik eta donostiar gehienen lekukotasuna jasotzea. Hemendik aurrera lanketa-fasea hasiko da: grabazioak entzun, landu, kodifikatu eta laburtu, ondoren bideoak editatu eta sareratu... Beste 16-18 hilabeteko lana daukagu aurretik, baina zatirik handiena bideratuta dago.
Gure historia ez da liburuetan agertzen dena bakarrik. Horregatik, eskerrik asko parte hartzen ari zareten guztioi!
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.