Donostiako Ahotsak egitasmoko 138 lekukoei omenaldia San Telmon
2014ko abe. 1a, 10:40
“Euskara, etenik ez duen haria” izeneko ekitaldi ederra eskaini zien Donostiako Udalak, joan den larunbatean. Euskararen transmisioa posible egin dutelako, oztopo denen gainetik.
Badator Euskararen Eguna, eta euskararen sokari eutsi dioten donostiarrei omenaldia egin nahi izan die Donostiako Udalak. Donostiako Ahotsak egitasmoan jasotako lekukoei, hain zuzen ere. Aurreko larunbatean izan zen ekitaldia, ederra bezain hunkigarria, San Telmoko museoko elizan. Hantxe ginen gu ere, nola ez.
2009. urtean ekin genion Donostiako ahozko ondarea jasotzeari, Udalaren laguntzarekin. Adinekoak elkarrizketatu genituen. 130 inguru, ahalik eta auzo gehienetan. Donostiako euskara jasotzea zen helburua, eta baita bertako historia ere. Grabazio horietako batzuk landu, 400 bideo pasarte sareratu, eta 2011. urtean egin genuen aurkezpena. Handik hona, baina, lanketarekin jarraitu dugu. Guk egindako grabazioez gainera, beste proiektu batzuetakoak ere bildu ditugu: orotara 138. Grabazio denak landu ditugu. Eta une honetan beste inon baino bideo pasarte gehiago ikusteko aukera dago Donostian: 3.020 bideo.
Larunbateko omenaldia Tanttaka antzerki taldeak prestatu zuen. Euskararen transmisioa izan zen ardatza, eta oso polita izan zen. Denetik izan zen: musika, bertsoak, dantza eta lekukoen testigantzak. Juan Mari Beltran musikariak eta haren semeak txalaparta jo zuten. Alaia Martin eta Rosi Lazkanok bertsoak kantatu. Hainbat donostiarren lekukotasunak erakutsi zituzten, euskarari buruzkoak. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak ere hartu zuen hitza, eta ez hori bakarrik: aurreskua dantzatzen ere ikusi ahal izan genuen. Bukaeran, alkateak eta bi dantzari gaztetxok heltzen zioten sokari heldu zioten Ahotsak proiektuko bi lekukok: Angela Alberdik eta Jose Mari Aristik. Transmisioaren erakusgarri. Ekitaldiaren ondoren pintxo ederrak dastatzeko aukera egon zen, eta talde argazkia atera ziguten denoi elizako korutik. Giro ederra sortu zen.
Aipatzekoa da San Telmo museoan erakusketa iraunkorrean Ahotsak.com-eko testigantzez osatutako bi ikus-entzunezko daudela, bata teknologien aldaketari buruzkoa eta bestea bizitzako erritualen gainekoa. Euskal Herri osoko testigantzekin osatutako bideoak dira. Gazteluko museoan, berriz, beste ikus-entzunezko bat jarri dute, turismoarekin lotua; horretan donostiarrak dira lekukoak. Urriaren hasieran jarri zituzten ikus-entzunezkoak; aurkezpena ere egin genuen.
Larunbateko ekitaldiari buruzko informazio gehiago, BERRIA egunkarian: "Euskararen hezur berriak egiten". Eta baita ZUZEUn ere: "Espero gabeko omenaldi ederra".
Argazkia: Lander Arretxea
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.