Dokumentazioa eta Ondarearen Komunikazioa Interneten

2010ko api. 20a, 23:03

Gaur goizean zehar jardunaldi interesgarria izan da Leioako Campusean. Kazetaritza Sailak antolatuta, Dokumentazioa eta Ondare Bibliografikoaren Komunikazioari buruzko 3. jardunaldiak izan dira. Interneteko proiektuei eskainitako tartean Ahotsak.com proiektua aurkezteko aukera izan dugu.

EHUko kazetaritza sailak antolatuta, Dokumentazioa eta Ondare Bibliografikoaren Komunikazioari buruzko  jardunaldiak izango dira apirilaren 20-21 bitartean Leioako Campusean. Gaurko jardunaldian Ahotsak.com webgunea eta proiektua aurkezteko aukera ere izan dugu.

Goizeko lehenengo orduan Joan Mari Torrealdairen hitzaldia izan da: "Euskal bibliotekaren ametsa". 175 urte igaro dira 1833an Jose Francisco Aizkibelek bere Bibliografia idatzi zuenetik Eusko Jaurlaritzak Koldo Mitxelena Euskadiko Liburutegi izendatzera. Bide luzean hainbat aldarrikapen, proposamen, ahalegin, urrats eta saio plazaratu dira. Horietako batzuk aipatu ditu Torrealdaik.

Ondoren, Dolors Lamarcak, Kataluniako liburutegi nazionaleko zuzendariak, liburutegiaren historia eta gorabeherak aztertu ditu, "La biblioteca de catalunya, una biblioteca fiable y útil a la sociedad" izeneko hitzaldian.

Goizeko azkenengo saioa, berriz, Interneteko proiektuen ingurukoa izan da eta hantxe izan da Ahotsak.com proiektua, Euskal Herriko beste 3 proiektu ezagun eta haundirekin batera: Armiarma.com, Guregipuzkoa.net eta Badok.info.

Mikel Elorzak Armiarma Proiektua aurkeztu du. Euskarazko literatura, euskaraz sortutakoa eta euskarari ekarritakoa, biltzen ditu gunetik gunera zubiz lotua izan nahi duen gune batean. Xabier Eskisabelek GureGipuzkoa.net webgunea erakutsi du, "Atzoko eta gaurko Gipuzkoa iruditan". Eta Jon Eskisabelek, euskal kantagintzari buruzko ataria aurkeztu du, Badok.info. 60ko hamarkadatik abiatuta, azken 40 urteotan euskaraz sortutako ekoizpenaren inguruko datu base zabala eskaintzen du, hiru arlotan banaturiko dokumentazioa bilduz: informatiboa, grafikoa eta sonoroa.

Ahotsak.com proiektuaren gorabeherak Asier Sarasuak azaldu ditu. Proiektua nola sortu zen, ibilbidea eta, batez ere, katalogazio lana nola antolatu den eta nola egiten den.

Gaurko hitzaldi guztiak laster sareratuko dituzte.

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia