Degurixako azken artzaina joan zaigu: Joxe Bixente Etxabe

2019ko ira. 11a, 09:21

Gerra aurreko eta osteko hainbat kontu esan zizkigun Ahotsak.eus proiekturako elkarrizketatu genuenean. Bideo-pasarte guztiak sarean daude, ikusi nahi dituenarentzat. 

Joxe Bixente Etxabe 13 urterekin hasi zen artzain lanetan, Degurixako parajeetan. Arrasateko Muxibar baserrian jaioa, artzain ezaguna eta maitatua zen inguruetan. Atzo hil zen, 97 urterekin, eta gaur egingo diote hileta elizkizuna, Arrasaten. Duela 10 urte elkarrizketatu genuen guk, Ahotsak.eus proiekturako, baina burua argi izan du azken momenturarte. Hari jasotako testigantzak on-line daude. 

Arrasateko abade-etxean ibili zen eskolan Joxe Bixente, baina eskola nagusia baserrian bertan izan zuen. 13 urterako bazekien ardi gazta egiten. Lehenago, artean mutil-koskorra zela, esnea saltzera joaten zen Arrasatera, astoarekin. Hala ezagutu zituen 1934ko iraultzaren ondorioak ere. Errepublika garaia zen, eta gobernuak eskubirako joera hartu zuela ikusita, langileek greba egin zuten. Kalera atera ziren, eta herri batzuetan istiluak izan ziren. Arrasaten, Zerrajerako bi enpresaburu hil zituzten. Iraultzaileekin egin zuen topo Joxe Bixentek, eta esnea kendu zioten:

Etxaberen testigantza bideo honetan ere erabili genuen, beste batzuekin batera: 1934ko iraultza

14 urte zituen gerra hasi zenean, eta hainbat gorabehera bizi izan zituen orduan ere. Degurixan zegoen artzain, eta bertara alde egindako hainbati eman zien jaten, taloa eta esnea. Gerraosteko gose-urteetako ibileren berri ere eman zigun: artzainei bildotsak lapurtzen zizkieten, gosearen gosez. Estraperlo garaia zen: behin 1.000 kilo gari ekarri zituzten Arabatik, sei astorekin, gero saltzeko: 

Jakintsu eta gertuko, Joxe Bixente artzaina. Hark bizi izandakoak berarekin joan dira, baina haren ahotsa entzuteko aukera daukagu behintzat. Doluminak gure partez familiarentzat.

Goienan atera dute albistea. Intxorta 1937 taldekoei ere gerrako hainbat kontu kontatu zizkien, duela gutxi; hona hemen artikulua

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia