Debako ondarearen transmisioa
2011ko uzt. 7a, 14:28
Debako Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak Debako ondarearen transmisioa indartzeko proiektua martxan jarri zuten 2010 bukaeran. Lanaren emaitza ekainaren 25ean aurkeztu zuten Debako Ostolaza Kultur Elkartean.
Debako udalak, ahozko ondarearen transmisioak Deban izan duen etena ikusirik, transmisio hori indartzeko proiektu bat martxan jarri zuen 2010. urtean Badihardugu Elkartearen laguntzarekin. Herriko 16 urteko 6 neska gazte aukeratu zituzten lana burutzeko eta 2011 hasieran adineko zenbait pertsona elkarrizketatu dituzte, euren hizkera eta bizipenak jasotzeko. 10 elkarrizketa egin dira guztira. Jone Olazabal, Nere Oria, Irati Baroja, Maitane Garcia, Ane Arrizabalaga eta Arrate Odriozola gazteak izan dira elkarrizketatzaileak, baina udaleko Mila Idiakez zinegotziaren eta Amaia Zinkunegi teknikariaren laguntza ere izan dute zenbait elkarrizketatan. Lan guztia Badihardugu Elkartearen gidaritzapean egin da eta egindako elkarrizketen zerrenda Ahotsak.com webgunean ikus daiteke, Debako orrian.
Jasotako materialarekin eta Debako Udal Artxiboko argazki zaharrekin bideo labur bat prestatu da, eta horixe izan zen ekainaren 25ean Debako Ostolaza Kultur Etxean egindako aurkezpenean erakutsi zena. Debako euskara zinegotziak sarrera txiki bat egin ostean, Badihardugu Elkarteko Aintzane Agirrebeñak proiektuaren inguruko azalpenak eman zituen. Elkarrizketatzaileek ezin izan zuten aurkezpenean egon, baina euren esperientziaren berri emateko bideotxo bat prestatu zuten. Bukaeran, elkarrizketetan parte hartutako lekukoei euren grabazioaren eta aurkezpen bideoaren kopia bana eman zitzaien, esker ona adieraziz.
Proiektuaren asmoa transmisioa bultzatzea izanda, prestatutako bideoa Debako ikastetxean zabaltzeko asmoa du udalak, elkarrizketak egin dituzten nesken antzera, gainontzeko gaztetxoei ere aitona-amonen kontuak entzuteko edo jasotzeko interesa pizteko.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.