Bizitza historiak jasotzeari buruzko ikastaroa online
2012ko mai. 30a, 09:44
"Bizitza historiak: gizarte zientzietan duen erabilera" online ikastaroan parte hartu dugu. Eusko Ikaskuntzako Asmoz Fundazioak laugarren aldiz antolatu du, ahozko testigantzekin lanean dabiltzan ikertzaileei metodologia berriak ezagutarazi eta tresnak emateko helburuarekin.
Zer da bizitza historia? Pertsona batek bere bizitza kontatzean datza, ahoz, ikerlariak eskatutako gaiekin lotuta. Gero, berriketaldian jasotako informazioa beste hiztun batzuen bizitza kontakizunekin konparatuko du ikerlariak, testuinguruan kokatu, eta ondorioak atera. Datu subjetiboak interpretatu. Indibidualtasunetik kolektibora jo. Hori modu egokian egitea, era zientifikoan, ez da erraza. Eta horixe da Asmoz Fundazioak antolatu duen ikastaroaren helburua: ikerlariei ikerkuntza biografiko-narratiboan sakontzeko aholkuak eta tresna praktikoak ematea.
Martxoaren bukaeran hasi zen online ikastaro teoriko-praktikoa, eta oraintxe bukatu da. Ahotsak-eko bi langilek parte hartu dugu. Irakurgaiak, ariketa praktikoak eta foro bidezko eztabaida izan dira lana egiteko modua. Eta eman digu zer pentsatua.
Hiru modulo izan ditu ikastaroak, eta modulo bakoitzeko irakasle bana. Rosa García-Orellán antropologoa izan zen lehenengoa: ikertu nahi genuenaz hausnartzera bultzatu gintuen, eta horren araberako planteamentu metodologikoa egitera. Hiztunengana jo aurretik egin beharreko aurrelana eta testuingurua eraikitzearen garrantzia aztertu genituen.
Miren Llona historialariak, berriz, memoriaren inguruan lan eginarazi zigun. Memoria indibidualaren eta kolektiboaren arteko harremanari buruz pentsarazi zigun, baita memoria historikoa kontzeptuari buruz ere. Alde praktikoan, hiztunak nola elkarrizketatu, eta haiengandik jasotako datu subjektiboak testuinguruaren arabera nola interpretatu ikusi genuen.
Costa Ricako Carlos Sandoval-García soziologoa izan da 3. moduloko irakaslea. Ikerlariaren jarrerak eta hausnarketak berrikustea proposatu digu, talde ikerketetan. Alde praktikoan, elkarrizketa bat egin eta interpretatu egin dugu.
Guztira 28 ikasle ginen, gehienak Euskal Herrikoak, baina baita beste toki batzuetakoak ere: Bartzelona, Colombia, Kanariar Uharteak, Granada eta Zaragoza.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.