Bideo emanaldia Eskoriatzako ohiturei buruz, bihar

2015ko ots. 2a, 14:00

Santa Agedari eta inauteriei buruzko ikus-entzunezkoak aurkeztuko dituzte, Badihardugu elkarteak egindakoak. 19:00etan da hitzordua, Zaldibar Antzokian. 

Badator Santa Ageda! Eta inauteriak ere ate joka daude. Eskoriatzan ohitura horiek izan duten bilakaera ezagutu nahi duenak aukera polita dauka, bihar arratsaldean. Santa Agedari buruzko dokumentala emango dute. Eta baita inauterietako ohiturei buruzkoa ere: Urdelardero eta kukumarroak. Sarrera doan da.

Santa Agedari buruzko ikus-entzunezkoa 20 minutukoa da. Inauteriei buruzkoa, berriz, 11 minutukoa. Orduerdi pasatxo izango da guztira, beraz. Badihardugu elkarteko Haizea Odriak eta Idoia Etxeberriak egindako lana da, Eskoriatzako Udalaren eskariz. Herriko hamaika pertsona elkarrizketatu ditugu, hainbat belaunalditakoak, bertako ohiturak jasotzeko. Santa Agedako eta inauterietako historia eta bilakaera ezagutarazteko. Biharko ekitaldian, parte hartzaileei dokumentalen kopia bana emango zaie.

Eskoriatzan
lan handia egin da ahozko ondarea jasotzeko, 2002. urtetik hona. Eta baita ondare hori zabaltzeko ere: 300dik gora testigantza daude Internetera igota, Ahotsak proiektuaren barruan. Hezkuntzan ere aritu gara, Eskoriatzako ikastetxeetan, Haur Hezkuntzan zein Lehen Hezkuntzan, ikasgeletan ahozko ondarearen transmisioa egiten. Aurten, Udalak bertako ohitura batzuk sakontasun handiagoz landu nahi izan ditu. Horretarako, adinekoak ez ezik, gazteak ere elkarrizketatu ditugu. 

Santa Ageda
antzinako ohitura da Eskoriatzan, aldaketa asko izan dituena. Soldaduska derrigorrezkoa zen bitartean, kintoekin lotuta egon da. Kintoak irtetzen ziren kantu-eskean. Gaur egun, berriz, neska-mutilak ateratzen dira. Otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan, baserriz baserri ibiltzen dira. Santa Ageda egunean, herriko kaleetan. Egun horretan dantza egiten dute plazan, eta baita hurrengo igandean ere.

Inauterietako Urdelardero ohitura ere oso aspaldikoa da. Gerra garaian desagertu zen, eta gerora berreskuratu zuten. 'Ostegun gizen' egunean egiten da. Herriko haurrak kantuan irteten dira, ziri batekin. Zirian sartuta, txorizoa, sagarra, ogia... daramatzate. Kukumarruak ere debekatuta egon ziren, inauterietako jarduera guztiak bezalaxe. Kukumarruak txorimalo koloretsuak dira, haurren atzetik korrika dabiltzanak, puxikekin.

Gehiago jakin nahi baduzu, zatoz Zaldibar Antzokira!




Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia