Beasaingo Appa Hi! aurkeztu da Euskaraldiaren aurkezpenaren baitan
2025ko mar. 13a, 11:54

Aittu! Euskara Elkarteak 2025eko Euskaraldiaren aurkezpena egin zuen herenegun Beasainen. Euskaraldia Hika ekimenean parte hartuko duen 83 herrietako bat da. Euskaraldiaren asmoak eta egitaraua azaltzeaz gain, hika ikasteko baliagarria den Appa hi! aplikazioaren Beasaingo bertsioa aurkeztu zuten.
Maiatzaren 15etik 25era ospatuko da 2025eko Euskaraldia eta dagoeneko prest daude epe horretarako ekimenak herri askotan. Herenegun Beasaingo udaletxeko batzar aretoan egin zen Euskaraldiaren aurkezpenean, besteak beste, 2025eko Euskaraldiak dakartzan berritasunak aipatu zituen Patxi Saez Aittu! Euskara Elkarteko lehendakariak: sasoi aldaketa eta Euskaraldia Hika. Duela gutxi aurkeztu duten Zirhika mugimenduak bultzatu du Euskaraldia Hika ekimena eta guztira 83 herrik eman dute izena. Horien artean dago Beasain ere. Hori dela eta, herritarrek -izan Ahobizi edo Belarriprest- aukera izango dute euren txapetan H bat jartzeko. Euskaraldiaren aurkezpenean Saezek adierazi zuen moduan, H-a jartzeak ez du esan nahi hika egin beharra dagoenik, H-a duena hitanoa entzuteko prest dagoela baizik; hau da, nahi duenak eurei hika lasai egiteko adieraziko dute txapan H-a jartzen dutenek. Gainera, hitanoari bultzada handiagoa eman nahirik, Aittu! Euskara Elkarteak eta Badihardugu Euskara Elkarteak elkarlanean prestatu duten Appa hi! aplikazioaren berri ere eman zuten herenegungo agerraldian eta Badihardugu elkarteko Aintzane Agirrebeñak aplikazioaren inguruko azalpenak eman zituen. Bai Saezek eta baita Agirrebeñak ere aplikazioa prestatzen lagundu duten kide guztiak eskertu zituzten.
Patxi Saezek hasierako aurkezpena egin ostean, Leire Artola alkateak hartu zuen hitza ekitaldian, herritarrak hizkuntza-ohiturak aldatzera animatuz. Saezek Euskaraldiaren helburuetako bat euskarari ikusgarritasuna ematea dela azpimarraztu zuen eta Euskaraldian parte hartuko duten entitateei banatuko zaizkien banderolen eta lanpasen berri eman zuen. Aittu! elkarteko Arantza Sarriegik Euskaraldirako prestatu dituzten ekimenak zehaztu zituen eta, azkenik, Igor Zurutuzak herrian berrituko duten horma-irudiaren inguruko azalpenak eman zituen.
Bukaeran, talde argazkia atera zuten bertaratutakoek. Hona hemen Goierri telebistak egindako erreportajea:
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.