'Basarri'k ehun urte, bizirik balego
2013ko aza. 27a, 10:28
Iñaki Eizmendi 'Basarri'ri 80ko hamarkadan egindako bi elkarrizketa entzuteko aukera dago Ahotsak.com webgunean. Haren jaiotzaren urtemuga aitzakia polita izan daiteke haren pentsaera eta bizimodua gogoratzeko.
Ehun urte beteko lituzke gaur Iñaki Eizmendi Basarri bertsolariak (1913-1999), bizirik balego. Hari 80ko hamarkadan egindako bi elkarrizketa entzuteko aukera dago Ahotsak.com webgunean. Umetako eta gaztetako kontuak esaten ditu, orduko euskarari buruzko iritzia ematen du, eta, batez ere, bertsolaritzaz hitz egiten du.
Urteurrena dela eta, aste honetan hainbat ekitaldi egingo dituzte Zarautzen. Gaur, azaroak 27, erakusketa zabalduko dute Sanz Enea kultur etxean, eta, ostiralean, ikuskizun-kontzertua egingo dute. Basarriri berari ez lioke graziarik egingo seguruenik, ez baitzen batere omenaldi zalea. Halaxe esan zion Herri Irratian Joxe Mari Iriondori, duela 33 urte:
Errezilen jaioa, umea zela Zarautzera joan zen bizitzera. Eta Zarautzen igaro zuen bizitza osoa. Gurasoek Azken-Portu taberna hartu zuten, eta hantxe sortu zitzaion bertsotarako afizioa Basarriri. Aita bertsozalea zuen, eta bertsolari ugari ibiltzen zen tabernan.
Lehen saioa 17 urterekin egin zuen Basarrik, Zestoan, eta ibilbide oparoa izan zuen harrezkero. 1935ean, Donostiako Lehen Bertsolari Egunean, txapela jantzi zuen, Txirritari aurrea hartuta. 1960an, berriz, Euskal Herriko Txapelketa Nagusia irabazi zuen. Manuel Olaizola Uztapiderekin ibiltzen zen plazaz plaza. Bertsolari ezaguna izan zen oso.
Bertsolaritzan bide urratzailea izan zen Basarri, molde berriak ekarri zituen. Hemen Kursaalean txapela jantzi zuenekoa kontatzen du, artean mutil koskorra zela:
Euskararekin ez ezik, bertsolaritzaren etorkizunarekin ere arduratuta zegoen Basarri. 1980. urtean artean ez zen batere argi ikusten: iraungo al zuen bertsolaritzak? Harrituta ikusiko luke BEC bertsozalez leporaino beteta.
Basarri kazetaria ere bazen. Gerra sasoian, Loiola batailoian ibili zen gudari, eta frontetik Euzkadi eta Eguna egunkarietarako idazten zuen; irratiz bertsoak ere kantatzen zituen, guda lagunak animatzeko. Euskal Herriko egunkari eta aldizkari gehienetan idatzi zuen gerora; irratian ere jardun zuen, urte askoan. Sukalde askotara iristen zen haren ahots sendoa. Informazio gehiagorako, irakurri 'Berria'ko artikulua. Basarriren elkarrizketa osorik entzuteko: Iñaki Eizmendi Manterolaren elkarrizketa.
Argazkia: Zarauzko Udala
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.