Badiharduguk hitanoari buruzko hitzaldia emango du gaur Durangoko azokan

2024ko abe. 6a, 10:01

Badiharduguk hika ikasteko Appa Hi! aplikazioaren bertsio berriak aurkeztuko ditu eta baita hitanoari buruzko webgune berria ere: hika.ahotsak.eus. Fernando Oiartzunek, berriz, Ahotsak.eus webgunera igo berri diren Leitzako hikako grabazioak izango ditu hizpide. Gaur izango dira hitzaldiak, 19:20an hasita Kabia gunean, Durangoko azokako areto nagusian.
Badihardugu elkartea hitanoa bultzatzeko lanean ari da, eta lan horietako batzuen berri emango du gaur arratsaldean Durangoko azokan. Batetik, Appa hi! aplikazioarekin lotutako nobedadeak azalduko ditu eta, bestetik, hitanoari buruzko webgune berria aurkeztuko du, Aintzane Agirrebeña eta Idoia Etxeberria Badiharduguko kideen eskutik. Azokako areto nagusian izango da, Kabian, 19:20ean hasita. Ondoren, Fernando Oiartzunek Leitzako hikari buruzko hitzaldia emango du; haren grabazioak ahotsak.eus atarian aurki daitezke. 

Appa Hi! aplikazioa poltsikoko telefonoaren bidez hika ikasteko sortu zen. 2021ean Oñatiko bertsioa sortu zen, 2022an euskara batukoa, eta geroztik hainbat herritako hitanoa ikasteko aukera eskaintzen du. Hitzaldian Agirrebeñak 2024an egin diren lanak azalduko ditu. 

Hika.ahotsak.eus webgunea hitanoarekin lotura duten testigantzak, bideoak eta argitalpenak batu dituzte. Badihardugu euskara elkartean urteak daramatzate hikako testigantzak jasotzen, Ahotsak.eus proiektuaren barruan, ahozko jardun natural gisa. Azken urteotan, baina, berariaz hitanoa bultzatzeko egitasmoekin dabiltza. Besteak beste, hitanoari buruzko elkarrizketak, ikus-entzunezkoak eta azterlanak egin dituzte. Egindako lanak bildu eta erakusteko asmoz sortu dute webgunea. Etxeberriak webgunearen nondik norakoez jardungo du. 

Fernando Oiartzunek Leitzako hiketa jaso zuen Hika eta toka, noka ere toka liburuan, eta gaurko hitzaldian eman duen pauso berri bat izango du hizpide: libururako egindako grabazioak ahotsak.eus webgunean kontsultagai ipini ditu Badiharduguk, Leitzako Udalaren babesarekin. 

Durangoko azokan hitanoarekin lotutako ekimen gehiago ere izango dira. Bihar arratsaldean Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu dute, 16:00etan Landako ikastetxean (azokako kale berean). Badihardugu elkarteak koordinatzen duen ZirHika taldeak antolatu du. Ikusi albistea hemen. Bihar goizean, berriz, hitanoari buruzko Hik eta biok mahaingurua egongo da, Deustuko unibertsitateak antolatuta, Durangoko museoan 11:30ean.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia