Azpeitiko Ahotsak proiektuko lekukoak omendu ditugu

2010ko abe. 9a, 09:00

Abenduak 3a Euskararen Nazioarteko Eguna zela aprobetxatuz, ekitaldi polita izan genuen ostiral arratsaldean Azpeitian. Azpeitiko Ahotsak proiektuaren barruan orain arte egindako lanak aurkeztu eta, batez ere, parte hartzaileak omendu nahi izan genituen. Azpeitiko Udala eta Badihardugu Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmen bati esker, 2009. urtean jarri genuen martxan proiektua eta ordutik hona 70 lekuko inguru elkarrizketatu ditugu, herriko hizkera eta memoria historikoa biltzeko. Materiala lantzen dihardugu orain eta 2011n bukatuko da proiektua, jasotakoa Ahotsak.com webgunean ikusgai egongo delarik.

Azpeitiko udaletxean izan zen aurkezpen eta omenaldi ekitaldia. Hantxe elkartu ziren, udaleko ordezkariak, Ahotsak.com proiektuko kideak eta Azpeitiko elkarrizketetan parte hartu duten herritarrak eta hauen senideak.

Julian Eizmendi alkatearenak izan ziren lehenengo hitzak; euskara zaindu eta bultzatzeko lanetan administrazioen papera ezinbestekoa dela azpimarratu zuen. Ana Mendizabal euskara zinegotziak berriz, lan honekin "belaunaldi berriek herriko euskara eta antzinako bizimoduak ezagutu ahal izango dituztela" aipatu zuen. Ahotsak.com-eko kideok Azpeitiko proiektuaren nondik norakoak aurkeztu genituen eta baita Euskal Herriko Ahotsak egitasmo orokorra ere.

Unerik politena etorri zen gero. 25 minutuko bideo batean, Urolako trenak eraman gintuen Azpeitiko herrigune eta auzoetako irudiak eta elkarrizketatuen pasarteak biltzen zituen bidaia batean. Bertaratutakoek barre nahikoa ere egin zuten herrikideen zenbait kontakizunekin (beherago ikus dezakezu bideoa). Horren ondoren partaide guztiei omenaldi txiki bat eskaini genien (guztiak bertan ez bazeuden ere), txalo artean bakoitzaren grabazioa eta aurkezpeneko bideoa biltzen zituen DVDa banatuz. Amaieran, talde-argazki ederra atera genuen (alboan).

Azpeitiko Ahotsak 2009ko ekainean jarri zen martxan udalarekin izenpetutako hitzarmenari esker. Proiektuak 3 urteko iraupena du; 2011an bukatuko da, ikus-entzunezko materiala sareratzearekin batera. Dagoeneko grabazioak amaituta (70 lekuko inguru elkarrizketatu ditugu herrian eta auzoetan), bildutakoa lantzen eta webgunean ipintzen gabiltza, Azpeitiko Ahotsak orrialdean.

Ahotsak.com-en partetik, eskerrak eman nahi dizkiogu udaleko euskara sailari eta, batez ere, beraien etxeko atea zabaldu eta proiektuan parte hartzera animatu diren azpeitiar guztiei. Eskerrik asko!

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia