"Azpeitiarren hizkera" aztergai
2010ko mar. 26a, 12:54
Azpeitiak herri-gutuna jaso zueneko 700. urteurrenaren harira, "Azpeitiarren hizkera" hizpide izan zen asteazkenean (martxoak 24) Patxi Goenaga euskaltzain eta irakaslearen eskutik
Ekitaldian Ahotsak proiektuaren baitan herriko ahozko ondarea jasotzeko egindako hainbat elkarrizketen aurrerapen txiki bat ikusi ahal izan genuen. Aratzerreka, Loiola, Lasao, Alde Zaharra, Izarraitz, Urrestila eta Oñatz auzoetako hiztunen adibideek ederki irudikatu zituzten Azpeitiko hizkeraren berezitasunak.
Berezitasunik nagusiena ahoskeran dago, Goenagaren esanetan. Batuaren aldean ezberdinak izan arren, Azpeitiko ahoskerak ere arau jakin batzuk jarraitzen dituela nabarmendu zuen, aurkitzen hain errazak izan ez arren.
Hiztegiaren atalean berriz, kezka azaldu zuen euskaltzainak: ahozko hizkeran oso arruntak diren zenbait hitz eta esamolde hiztegietan eta idatzian ez direla ikusten aipatu zuen eta bultzatu egin beharko liratekeela uste du.
Azpeitiko eta Azkoitiko hizkera ere alderatu zituen eta gaztelaniaren eraginaz ere aritu zen.
Amaieran Goenaga berak osabari 2002an egindako grabazioaren zati bat gozatu ahal izan genuen: 97 urteko Iñaki Goenagak kontatu zizkigun gerra garaian Iruñean preso egon zeneko istorioak. Gainera elkarrizketa hau Ahotsak proiektura gehitzeko asmoa azaldu zuen Patxi Goenagak eta azpeitiarrak animatu zituen beraien grabazio zaharrak bidaltzera.
Argazkia: Azpeitiko Euskara Patronatua
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.