Auzo eta herriguneen informazioa ere kontsultagai Ahotsak.com-en
2013ko api. 11a, 15:50
Gure webgunearen oinarria bost elementu dira: herriak, euskalkiak, hiztunak, grabazioak eta gaiak. Informazioa bost elementu horien arabera antolatzen dugu eta horien bidez bilatu daiteke (nagusiki) gure webgunean.
Hala ere, gure datu-basean askoz informazio gehiago ere badago, esate baterako, hiztun bakoitza zein auzotakoa den. Hau da, webgunean informazioa udalerrika antolatu arren (horixe iruditzen zaigu errazena edo estandarrena), hiztuna zein auzotakoa den ere gordetzen dugu. Gainera, batzuetan ez dira auzoak, benetako herriak baizik (udalerria izan ez arren).
Informazio interesgarria iruditzen zaigu. Izan ere, kasu askotan, udalerri barruan ere aldatu egiten da euskalkia auzo batetik bestera.
Azken asteotan webgunean egin ditugun eguneraketak aprobetxatuta, hemendik aurrera auzo mailako informazioa kontsultatzeko aukera ere izango dugu. Auzo (edo herrigune) horretan egindako grabazioak, bertako hizlariak, bideoak, eta abar (auzoaren informazio txikiarekin batera).
Ez ditugu Euskal Herriko auzune eta herrigune guztiak sartu, noski. Oraingoz, izaera berezia duten guneak bakarrik gehitu ditugu. Hau da, alderdi linguistikotik edo historikotik izaera berezia duten guneak. Talde horretan daude, esate baterako, Itziar (Deba), Elosu (Bergara), Oleta (Aramaio), Bedaio (Tolosa), Gorozika (Muxika), Altza (Donostia), eta beste hainbat.
Badakigu gai "korapilotsua" dela eta, kasu askotan, oso irizpide pertsonal eta subjetiboa dela auzo/herrigune/herri/udalerri bereizketa. Zenbait herritar ez ditu erabat asetuko guk hartutako bideak, baina lehenengo urratsa da eta zuen iritzia jasotzeko prest gaude, nola ez.
Hortaz, hortxe duzue, gaurtik aurrera, Euskal Herriko auzoetako ahozko ondarea sarean!
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.