"Ari-arika, ezpainetan hika"

2011ko mar. 23a, 13:07

Zumaiako Udalak hitanoaren erabilera sustatu nahian, unitate didaktikoak prestatu ditu, LHko eta DBHko gaztetxoak hitanora hurbil daitezen.

Hitanoa biziberritzeko ekimena aurkeztu dute gaur Zumaiako udaletxean. Aspaldi hasi ziren sumatzen hitanoaren erabilera ahultzen eta trakesten zihoala. Egoerari buelta emateko, hezkuntzatik hastea erabaki dute: unitate didaktikoak prestatu dituzte, LHko eta DBHko gaztetxoak hitanora hurbil daitezen. Mintzola Fundazioko kideek Zumaiako irakasleekin eta ikasleekin jardun dute lanean, materiala prestatzeko, baita hitanoa egunero darabilten hainbat herritarrekin ere.

Ikasleek karramarro ikerlariak izango dituzte bidelagun, Karrami eta Klax, hitanora hurbiltzeko bidean. “Ari-arika, ezpainetan hika!” aldarri hartuta, hainbat jolas eta ariketa egingo dituzte. Zumaiako ikastetxeetan datorren ikasturtean hasiko dira materiala erabiltzen. Baina materiala jada sarean jarri dute, www.mintzola.com/hitanoa webgunean, interesa duen ororen eskura. Material hori osatzeko Ahotsak.com ekimeneko hainbat grabazio erabili dira. Zumaiako Udalaren babesarekin egindako proiektua da.

Urtebeteko lana izan da, eta Mintzolako Maitane Aierzak bideratu du. Aurkezpenean esan dutenez, betiko aditz tauletatik haratago doan egitasmoa da, erabilgarria eta bizia, hitanoarekin jolasteko. Zumaiako haurrek sei urtean landuko dute hitanoa, eta espero dute horrek emaitza onak izatea. Zumaiarren ondoren azpeitiarrek helduko diote erronkari. Izan ere, herri askotan dago kezka bera hitanoaren inguruan.

Proiektuaren inguruko bideoa ere eman dute GipuzkoaKultura telebista programan:


Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia