Arantxa Urretabizkaia idazle eta kazetariak Anton Abbadia Saria jaso zuen atzo
2019ko abe. 3a, 16:04
Ahotsak.eus proiektua izan zen iazko sariduna, eta epaimahaian egotea egokitu zaigu aurten. Ekitaldi ederra egin zioten atzo arratsaldean Urretabizkaiari, Gipuzkoako Foru Aldundian.
Arantxa Urretabizkaia idazle eta kazetari donostiarra izan da 2019ko Abbadia Sariaren irabazlea. Euskararen alde egindako lanarengatik saritu dute. Atzo izan zen sari banaketa Gipuzkoako Foru Aldundian, Donostian, eta hantxe izan ginen gu ere; iazko saridunak izaki, epaimahaikide izatea egokitu zaigu. Ederra izan zen ekitaldia, eta ederra Urretabizkaiak jaso zuen berotasuna.
Euskara sustatzen egindako lanaz eta literatur ibilbide oparoaz gainera, feminismotik emandako urratsak ere goraipatu zituzten: literaturan emakumearen iruditeria eguneratzeko egin duen ekarpena, besteak beste. Urretabizkaiak esan zuenez, idazten hasi zenean ez zekien euskaraz nobela bat idazten ari zen lehen emakumea zenik, ezta protagonista emakumea zuen lehen liburua idazten ari zenik ere; "bestela agian ez nintzen ausartuko". Debekurik izan ez arren, askotan mugak jartzen ei dizkiogu geure buruari: "Hemen bertan ere egongo dira hegan egiten ausartzen ez diren emakumeak". Udane Juaristi margolari azkoitiarraren artelan bat jaso zuen sari gisa Urretabizkaiak.
Urretabizkaiaren lan aipagarrienen artean ‘Zergatik, Panpox’ (1979), ‘Koaderno Gorria’ (1998), ‘3 Mariak’ (2010), ‘Zuri-beltzeko argazkiak’ (2014) eta ‘Bidean ikasia’ (2016) liburuak daude.
Ahotsak.eus proiekturako elkarrizketatu genuen, 2011. urtean. Haren elkarrizketa osorik ikus daiteke hemen. Hona hemen bideo-pasarte bat, euskalgintzan eta Lur argitaletxearen inguruan lanean nola hasi zen kontatzen duena:
Irudian: Arantxa Urretabizkaia atzo, saria jasotzen, Markel Olano eta Garbiñe Mendizabalen eskutik (Iturria: www.gipuzkoa.eus).
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.