"Amantalen ahotsa" ikuskizuna urriaren 7an Donostian

2011ko urr. 3a, 10:01

Datorren ostiralean, urriaren 7an, ikuskizun ederra plazaratuko du Amantala Elkarteak Donostian: "Amantalen ahotsa". Hainbat disziplina artistiko bilduko dituen ikuskizuna (musika, dantza, bertsoa, antzerkia, kontakizuna...), entretenigarria eta bizia, orain hunkigarria orain umoretsua, ikusleari bidaia polita proposatuko diona: Gerra garaia eta gerra ostea nolakoa izan zen ezagutzea, dena ere emakumeen begiradapean. Proiektu honek Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren babesa eta laguntza izan du eta ikuskizunaren ardatza Ahotsak.com webgunerako jasotako 40 kontakizun eta istorio izango dira.

Aurtengo uztailean 75 urte bete dira gerra hasi zela, eta, mugarri hori baliatuta, urte haietako historia kontatu nahi izan du Amantala Elkarteak. Emakumeen begietatik egingo dute, haien bizipenetan oinarrituta. Ikuskizunaren bizkar-hezurra adineko emakumeen testigantzak izango dira, www.ahotsak.com proiekturako azken urteotan jaso ditugun bideo-pasarteak. Bertsoek, zuzeneko musikak, kantuek, antzezkiak eta dantzak borobilduko dute saioa; haiek ere narratzaile lana egingo dute, nork bere erara eta bere baliabide artistikoekin.

Gerra sasoiko pasadizoak batez ere gizonezkoek kontatu dituzte orain arte, borrokan parte hartu zutenek. Bitartean, emakumea familiaren euskarria izan zen; hala ere, haren minak eta ahaleginak ezkutuan geratu ziren sarri askotan. Gerrako kontuez gainera, gizarteko beste alor batzuk jorratzeko ere aprobetxatuko da: etxeko ohiturak, eskolako martxa, laneko gorabeherak, kaleko giroa, erlijioaren indarra... batzuetan gordin eta besteetan umorez. Atzoko eta gaurko emakumeen ikuspuntutik.

Entretenigarria izango da, bizia, orain hunkigarria orain umoretsua, ikusleari bidaia polita proposatuko diona: bidaia denboran barrena eta bidaia norberaren barrura. Ikusleari inoiz ikusi ez duen zerbait eskaintzea da gure asmoa. Ikuskizun artistiko berezia izatea espero dugu, ikasteko, hausnartzeko, hunkitzeko eta irribarre egiteko aukera emango duena.

Ikuskizuna urriaren 7an izango da, arratsaldeko 8etan, Victoria Eugenia antzokian. Sarrerak dagoeneko salgai daude, antzokian bertan eta Interneten.

Prentsa-oharra eta informazio osagarria PDF honetan daukazu ikusgai.

 

Amantalen Ahotsak, aurkezpena

Ikuskizunaren aurkezpenean ateratako argazkia. San Telmo museoan, ikuskizunean parte hartuko duten zenbait lagun tartean direla. Argazkia: Ainitze Oruesagasti.

 

Ahotsak eta Amantalak

Antolatzaile lanetan euskalgintzan lanean dihardugun hainbat pertsona elkartu gara, alor ezberdinetakoak: antzerkia, kazetaritza, musikagintza, bertsolaritza, historia... Tartean, Euskal Herriko Ahotsak, Ahotsak.com proiektuko zenbait kide ere bai.

Esan bezala, ikuskizunaren ardatza eta gidaria Ahotsak.com egitasmorako eginda zeuden elkarrizketak izan dira. Bideo pasarteak aukeratzea lan luzea izan da. Gipuzkoan emakume asko daude elkarrizketatuta, eta pasarterik egokienak hautatzea hilabeteetako lana izan da. Gainera, azpieuskalki guztiak nolabait ordezkatuta egon zitezen saiatu gara. Denera 40 emakume ingururen pasarteak aukeratu ditugu, gerrako gertaerekin eta gerra osteko giroarekin lotuta: eskola, lana, ezkontza, elizaren indarra...

Laguntzaileen artean, Ahotsak.com proiektuaz gainera, San Telmo Museoa eta Donostiakultura ere izan dira, eta ikuskizunak Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Kutxaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du.

 

 

Fitxa teknikoa

  • Ideia, lanketa eta ekoizpena: Amantala Kultur Elkartea 
  • Bertsolaria: Maialen Lujanbio
  • Dantzariak: Oinkariko dantza taldea, Laura Martin
  • Kantariak: Amaia Zubiria, Arianne Unamuno, Zaloa Urain (Kokein), Ain_1
  • Musikariak: Sorkunde Idigoras (pianoa), Arantxa eta Eli Ansa (txalaparta), Mirari Irurzun (biolina)
  • Kontalaria: Itziar Ituño
  • Antzezleak: Ainere Tolosa, Sara Cozar, Maite Bastos, Naiara Arnedo
  • Zuzendari artistikoa: Agurtzane Intxaurraga
  • Argi diseinua: Xabier Lozano
  • Irudi diseinua: David Bernues

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia