"Ahozko corpusak esparru elebidunetan" jardunaldietan izan gara

2011ko aza. 11a, 15:22

Joan zen ostegunean, azaroaren 3an, Eusko Ikaskuntzak jardunaldi aberasgarriak antolatu zituen Deustuko Unibertsitatean, Bilboko campusean: Ahozko corpusak esparru elebidunetan. Hainbat hizlarik eman zuten beren jardunaren berri, eta Ahotsak-eko kideak ere han izan ginen. Hemen laburpena.

Eusko Ikaskuntzak Ahozko corpusak esparru elebidunetan jardunaldiak antolatu zituen pasa den azaroaren 3an, Deustuko Unibertsitatearen Bilboko campusean. Jardunaldien helburu espezifikoak lau ziren: ahozko corpusen bilketaren ikuspegi sistemikoa lortzea (gehienbat euskal barrutiari dagokionez); hainbat taldek erabilitako metodologia eta prozedura teknologikoak kontrastatzea; taldeen arteko trukerako bideak erraztea (prozedurei zein materialari dagokionez); eta ikasle parte-hartzaileen jarduerak aberastea, etorkizuneko ikerketa-lerroetan gauzatu litekeen hizkuntzalaritza aplikatuaren eredu batera hurbiltzeko aukera emanez.

Oso egitarau eta hizlari erakargarriak. Pena, hala ere, jende gutxitxo bertaratu izana. Gaiak gaur egun daukan garrantzia eta izena ikusita, harrigarria ere bai.

Hona hemen egunean zehar izandako hitzaldien zerrenda, eta haietako batzuen laburpena:

  • Jose Maria Etxebarria (Eusko Ikaskuntza):Gainbegiratu bat etnolinguistikari.
  • Akaitze Kamiruaga (Labayru Ikastegia): Labayru Ikastegia Herri Ondarea ikertzen. Labayru Ikastegiaren historiaz, bilakaeraz, eta helburuez jardun zen. Labayru Ikastegiaren argitalpenei buruz ere hitz egin zuen, eta beren webgunea erakutsi zuen. 
  • Iñaki Gaminde (EHU): Ahozko corpusen ezaugarriez. Hitzaldi interesgarria bezain kritikoa izan zen. Ahozko corpusaren definizioa finkatu ostean, gaur egun dauden corpusez hitz egin zuen. Bestalde, corpusen aplikazioei buruz mintzatu zen; eta orain esku artean duen proiektuaren berri ere eman zuen: hain zuzen ere, prosodiaren informazioa aztertzen dabil, hainbat hizkuntzatan emozioak nola adierazten diren ikertzen.
  • Adolfo Arejita (Deustuko Unibertsitatea): Euskaltzaindia: Ahozko Tradizioko Hizkeren Corpusa (AHTC). ATHCren gaineko hainbat gai jorratu zituen: nola lantzen duten, zertarako erabil daitekeen, non bildu den hartarako materiala... Euskararen Herri Hizkeren Atlasaz ere (EHHA) jardun zen. Halaber, adierazi zuen Euskaltzaindiak interesa duela gainerako corpusen kopiak biltzeko. Nolabait, orain arte Ahotsak.com egiten ari den lana egiteko.
  • Aintzane Etxebarria (EHU): Ahozko corpusen erabilera didaktikoez. Hainbat gai interesgarri jorratu zituen: besteak beste, ahozko corpusak lantzeko, zer prozedura eta programa erabiltzen dituzten azaldu zuen; edota hezkuntzako helburuak eta ahozko corpusak nola uztar daitezkeen aipatu zuen.
  • Christine Paasch: El castellano de Getxo: corpus oral para un estudio del castellano de hablantes monolingües en el País Vasco
  • Xosé Luis Regueira: Un corpus oral de la lengua gallega. Galizieraren aldaerak jasotzeko lanetan, zer helburu, metodologia eta etorkizuneko proiektu dituzten azaldu zuen.

Arratsaldez ere beste hiru hitzaldi izan ziren, baina ez genuen izan aukerarik bertan izateko. Hauexek izan ziren.

  • Rosa Miren Pagola, Alexander Iribar, Itziar Túrrez (Deustuko Unibertsitatea): El corpus prosódico del proyecto Amper
  • Carmen Isasi, Alexander Iribar, Itziar Túrrez: ESCA: un corpus bilingüe
  • Carlota de Benito, Inés Fernández Ordóñez (Universidad Autónoma de Madrid): Corpus Oral y Sonoro del Español Rural: balance y perspectivas

Gai interesgarriak jardunaldietan landu zirenak, ezpairik gabe. Hala ere, hitzetatik haratago, oraindik ere benetako lankidetzarako urratsak emateko ahalegin asmo irmoa falta dela uste dugu. Gutxinaka ari gara urratsak ematen; ea datozen urteotan benetan ahalegin hori gauzatzen den, guztion onerako.

Argazkia: Euskaltzaindia.net.

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia