Ahotsak.eus, Memoria Historikoaren egunarekin bat

2020ko aza. 10a, 09:58

Gerrako Ahotsak webgunea ezagutzera eta erabiltzera gonbidatzen zaitugu, Memoriaren Egunean.

Gaur Memoria Historikoaren Eguna da Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. Egun horren bueltan, Gogora Institutuak “Atzera begiratu aurrera jarraitzeko” kanpaina ipini du abian, memoria gazteei gerturatu, hausnarketa eragin eta bizikidetza sustatzeko. Ahotsak-ek bat egiten du ekimenarekin. Izan ere, gu ere oroimen historikoarekin lotutako kontuak jaso eta ezagutarazten ari gara, Gerrako Ahotsak webgunearen bitartez: aurten 12 urtetik gorako gazteei zuzendutako material pedagogikoa prestatu dugu. Material horren helburua gazteei 1936ko gerraren ondorioak ezagutaraztea da, ikuspegi orokor bat izan dezaten eta lanketak egin ditzaten. Gerraren kontrako kontzientzia pizteko eta gerran daudenekin enpatia sentitzeko balio du.

Euskal Herriko Ahotsak proiektuan gerrako, gerraosteko eta Frankismoko 10.000 pasarte baino gehiago bildu ditugu dagoeneko, 2013. urtean sortutako Gerrako Ahotsak webgunean. Jasotako testigantzekin hainbat ikus-entzunezko sortu ditugu. Hala, BIDEOTEKA atala handitzen joan da, urtez urte. Hona hemen sortutako bideoetako bat, atzoko eta gaurko gazteak dituena protagonista moduan:

Gerraren inguruko pasarteak gaika ere bilatzeko aukera ematen du webguneak eta hainbat lekukotasun ikusi eta entzuteko aukera dago: II. Errepublika, gerraren hasiera, borroka, ekonomia gerra garaian eta gerraostean, politika eta Franco… 

1936eko uztailaren 18an hasi zen Espainiako Gerra Zibila, militarrak II. Errepublikaren aurka altxatu zirenean. Gerra 1939ko apirilean bukatu zen arren, Euskal Herria 1937ko apirilerako frankisten kontrolpean geratu zen. Bederatzi hilabete horietan gerrak bizi-bizi kolpatu zituen euskaldunak. Frankismoaren errepresioak eta zapalkuntza ideologikoak berrogei urte gehiago iraun zuen.

Bestalde, Ahotsak Ikasgelan webgunean ere ikastetxeetan memoria historikoa eta transmisioa lantzeko 150 bideo-fitxa baino gehiago daude erabilgarri, hainbat adin eta mailatako ikasleentzat. Bideo-fitxa horietako 29 memoria historikoa lantzeko sortuak dira eta beste 10 bizikidetza lantzeko. 

Irabazi-asmorik gabeko elkarte bezala, Ahotsak.eus proiektuan bere horretan lanean jarraituko dugu, Euskal Herriko ahozko ondarea eta euskaldunen bizipenak babestuz eta herritarren artean zabalduz.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia