Ahotsak.com SELICUP jardunaldietan

2010ko urr. 29a, 12:46

Joan zen astean jardunaldi interesgarria izan zen Mallorcan, bertako unibertsitateak (UIB) antolatuta. SELICUP jardunaldiak izan ziren, herri ondareaz eta kulturaz, eta hantxe izan ziren Ahotsak.com proiektuko kideak, entzule ez ezik, baita hitzaldia ematen. Euskal Herrian egiten ari garena nazioartean erakusten.

Selicup elkarteak jardunaldiak antolatzen ditu orain dela 5 urtetik. Aurtengo ekitaldia Palma de Mallorcan izan da (Balear Irletan), bertako unibertsitateak (Universitat de les Illes Balears) antolatuta. Hiru egunez 30 hitzaldi, mintegi eta tailer antolatu ziren. Tartean Euskal Herriko Ahotsak programa aurkeztu zen.

Hitzaldien artean, hainbat interesgarri. Ahozko ondarearen ikuspegitik, esate baterako, beste bilketa proiektu batzuk ere aurkeztu ziren, gurearekin batera, bilketa kopuru aldetik askoz txikiagoak izan arren. Angel Suarezek, esate baterako, Extramadurako Unibertsitatean (UNEX) egiten ari diren proiektuaz jardun zuen. Ikasleen laguntzarekin, Extremadurako antzinako joko eta jolasak biltzen ari dira, zenbait grabazio eginez, eta bildutakoa hezkuntzan nola erabili aztertzen hasi dira (ikastetxeetan ez ezik, baita magisteritzako ikasketetan ere). Stella Watson ikerlari argentinarrak, bestalde, Argentinan garatzen ari den beste bilketa-proiektu bat aurkeztu zuen. Bere kasuan, batez ere haur eta gazteen kantuak jasotzen dituzte, MiniDisc bidez.

Hizkuntzarekin zerikusia zuten beste hainbat hitzaldi ere izan ziren, besteak beste, UIBko irakasle diren Lucia Loureirok eta Laura Camargok emandakoak. Lehenengoak conversationalization delakoa aztertu zuen, kasu praktiko bat erakutsiz. Elkarrizketetan gertatzen diren kode aldaketak izan zituen hizpide, erregistroa nola eta zergatik gertatzen den azalduz (hizlarien izaera, mintzagaia bera, funtzio afektiboa, erregistroaren balio metaforikoa...). Camargok, aldiz, ahozko narrazioaren azterketaz jardun zuen, identitate komunitarioa garatzeko orduan narrazioak duen garrantziaz, hain zuzen ere. Azken horretan ere, zenbait ahozko corpus izan ditu azterketa-gai, eta horrelako corpus libreen garrantziaz ere luze aritu zen.

Esan bezala, Ahotsak.com proiektua ere aurkeztu zen eta oso harrera ona izan zuen. Proiektuaren helburuak, metodologia, datu-basea eta egungo egoera azaldu ziren, eta jendearen galdera ugariak erantzun. Horrelako proiektuen garrantzia azpimarratu zen behin eta berriro eta, batez ere, ahozko corpusak libre eta sarean izateak duen garrantziaz. Euskal Herrian ez ezik, mundu mailan ere oso corpus gutxi daude Ahotsak.com-en bolumen, kalitate eta ezaugarriekin.

Jardunaldietako hitzaldi guztien aktak 2011 hasieran argitaratuko dira.

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia