Ahotsak.com "Gerrako umeei" Southamptonen egindako omenaldian
2012ko mai. 21a, 14:06
Maiatzaren 21ean, baina orain dela 75 urte, Habana itsasontzia Santurtziko portutik Southamptonera iritsi zen ia 4.000 umerekin. Joan zen asteburuan, maiatzaren 12 eta 13an, omenaldia egin zieten Erresuma Batura erbesteratu zituzten ume horiei, eta Ahotsak.com bertan egon zen.
Duela 75 urte heldu ziren lehen aldiz Ingalaterrara, Santurtziko portutik Habana itsasontzian irten ostean, 4000 gerrako ume. Maiatzaren 12 eta 13an, ume horietako batzuk, orain edadetuta, Southamptonen bildu ziren; eta omenaldi hunkigarria jaso zuten, Basque Children of ’37 eta Southamptoneko Unibertsitateak antolatutako ekitaldian. Omenaldian izan ziren, besteak beste, Southamptoneko agintariak; Idoia Mendia, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Justizia eta Administrazio Publikoko sailburua; eta Espainiako enbaxadorea.
SS Habana itsasontzian, 800 bidaiari hartzeko prestatuta bazegoen ere, 5 eta 14 urte bitarteko 3861 neska-mutil eta 200 zaintzaile ontziratu ziren 1937ko maiatzaren 21ean. Southamptoneko portura iritsi zirenean, Eastleighen prestatutako behin-behineko kanpamentura eraman zituzten; eta, hurrengo hilabeteetan, Erresuma Batuan zeuden kolonietan banatu zituzten.
Espainiako Gerra Zibila bukatu ostean, eta II. Mundu Gerra hasi baino lehen, bueltan etorri ziren erbesteratutako ume gehienak, baina 400 inguru bertan geratu ziren: batzuen kasuan, ez zutelako nora edo norengana itzultzerik; eta, zaharrenen kasuan, hala erabaki zutelako, aintzat hartuta Euskal Herriko gerraosteko egoera eta gosea. 1945ean, 250 haur Erresuma Batuan geratu ziren; eta horietako asko, betiko. 75 urte pasa dira ordutik, baina bizi direnek ez dute ahaztu ume zireneko erbesteratze latz hura.
Basque Children of ’37 elkartea 2002an sortu zen, orain arte ahaztuta egon diren neska-mutil horien oroimena gordetzeko. Asmo horrekin, eta maiatzeko bigarren asteburuko memoria-ekitaldiak aprobetxatuz, elkarteak dohaintzan eman zion bere artxibo historikoa Southamptoneko Unibertsitateari. Funts horretan daude, besteak beste, dokumentu ofizialak, argazkiak, elkarrizketak eta marrazkiak; eta aipatutako unibertsitateko Hartley liburutegian jasoko da.
Omenaldiak 30 “gerrako ume” inguru batu zituen, eta bi egun iraun zuen. Bertan, aukera izan genuen hainbat ekitaldi ikusteko: hala nola, dantzak, musika, agintarien agurrak, dokumentalak, eta historia eta filmei buruzko hitzaldiak. Azpimarratzekoak dira, batetik, Luis Argeo zinegile independenteak aurkeztutako Corsino, by Cole Kivlin dokumentala; eta, bestetik, Matt Richards eta Izaskun Arandia prestatzen ari diren To Say GoodBye filmaren aurkezpena.
Gure aldetik, eskerrak eman nahi genizkieke, bai Basque Children of ’37 elkarteko Natalia Benjamin eta Carmen Kilner-i, bai eta Southamptoneko Unibertsitateko Alicia Pozo Gutierrez irakasleari ere, ekitaldian egoteko aukera eskaini baitziguten. Baina, batez ere, bihotz-bihotzez eskertu nahi diegu lagun hauei, hitz egitera animatu eta istorio hunkigarriak gurekin konpartitu izana: Vicente Romero donostiarrari eta haren familiari; Michiganetik etorritako Alonso familiari; Ingalaterran geratu zen Marcelino Guerrero “umeari”; Valentin Sagastiren alaba Elienari; Antonio Muñecas, eta haren alabei eta ilobei.
Argazkia: Valentin Sagasti, erdialdean mutil bakarra, Brampton kolonian 1937-38 urtean. Eliena Sagastik bidalitako argazkia.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.