Ahotsak Hizkuntzalari Euskaldunen I. Topaketetan

2013ko uzt. 3a, 15:14

Hizkuntzalari Euskaldunen I. Topaketetan parte hartuko du Ahotsak-ek bihar, uztailaren 4a, Eibarko Markeskua jauregian, UEUren Udako ikastaroen barruan. Egun bateko jardunaldia izango da, baina egitarau betea izango du.

Urte askoan etenaldia egon dela ikusirik, hizkuntzalaritza-saila biziberritzeko asmoz Hizkuntzalari Euskaldunen I. Topaketak antolatu ditu aurten Udako Euskal Unibertsitateak, Udako Ikastaroen barruan.

Eremu zabala hartzen du hizkuntzalaritzak eta askotarikoak ditu lan- eta ikerketa-eremuak ere. Hizkuntzalaritzak eta eta honen adarrek (soziolinguistikak, neurolinguistikak, hizkuntzalaritza konputazionalak…) bezala, beste jakintza-arlo askok ere hizkuntza dute aztergai (itzulpengintzak, glotodidaktikak, filosofiak…).  Horiek guztiak biltzea eta ikerlarien arteko truke honen ondorioz, diziplinarteko elkarlanari ere ateak zabaltzea da topaketa hauen helburua.

Goizeko 8:50ean hasiko da jardunaldia eta arratsaldeko 6ak aldean bukatu (ikus egitarau osoa, hemen). Tartean, goizeko 10:25ean Ahotsak-eko Asier Sarasuak Ahozko tradiziozko corpuserako lehenengo urratsak izeneko hitzaldia eskainiko du. Bertan, Euskal Herriko Ahotsak proiektuan zehar egindako transkripzioetan oinarrituz sortutako Ahotsak Ahozko Corpusa aurkeztuko du. Proiektu honen helburua ahozko materialean oinarritutako corpus linguistiko bat osatzea da; 1900-1950 bitartean jaiotako euskaldunen bat-bateko hizkera naturalaren ezaugarriak biltzen dituena, hain zuzen ere.

Corpus honetan, hizlarien lekukotasunak oinarri hartuta, ondorengo informazioa jasotzen da: 1) lema bakoitzaren aldaerak; 2) aldaeren eta lemen banaketa geografikoa; 3) datu estatistikoak. Kasu guztietan, bildutakoaren transkripzio-zatia eta bideoa kontsultatzeko aukera ere eskaintzen da.

Ahotsak Ahozko Corpusa

Oraindik ere Beta fasean dago proiektua, lematizazio fase esperimentala garatzen eta eskuzko zuzenketak egiten (ahozko lagin batean ez dagoelako lan automatikorik egiterik). Lortutako emaitzak, beraz, ez dira inola ere behin betikoak. Saio esperimental baten emaitza gisa ulertu eta erabili behar dira. Gainera, Corpus irekia da etengabe gehitzen baitira transkripzio berriak.

Biharko jardunaldiaren inguruko informazio gehiago eta egitarau osoa, hemen.

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia